Emaize, 20 urte sexualitateak lantzen

hirinet 2014ko ekainaren 11

Sexologiak barne hartzen dituen gai eta arloak jorratzeko helburuarekin sortu zen orain 20 urte Emaize Sexologia zentroak.

 

Denbora honetan, Gasteizen erreferente bihurtu da sexualitatearen tratamenduari dagokionez eta besteak beste Gasteizko Udalaren Asexoria zerbitzuaz arduratzen da. Egunotan urteurrena ospatuko du eta Goiuri jauregian hainbat hitzaldi eta mahai inguru eskainiko ditu ekainaren 11an eta 12an. Emaizeren lana hobeto ezagutzeko, bertako kide den Ana Ramirez de Ocarizekin solastu gara.

 

Nola jaio zen Emaize?

Emaize Sexologia zentroa orain dela 20 urte sortu genuen mugimendu feministako sei lagunek. Hasiera batean bakarrik gutako batek zuen formakuntza sexologian eta apurka-apurka beste kideak hasi ginen prestakuntza jasotzen. Garai horretan, sexologiaren esparru soziosanitarioa lantzen hasi ginen eta denborarekin hezkuntza edo aholkularitza zerbitzuak eskaintzen hasi ginen. Besteak beste, orain dela 17 urte hasi ginen Gasteizko Udalaren Sexu Aholkularitza egiten. Ostean terapiarekin hasi ginen. Horrela, giza mugimendutik profesionaltasunera pasatu garela esan dezakegu, beti ere, gure jatorria ahaztu gabe. Hori dela eta, askotan gizarte mugimendutik sortutako ekimenetan parte hartzen dugu, hala nola, ekainean izango diren Alde Zaharreko Zaharraz Harro jaietan.

 

Zein arlo jorratzen dituzue?

Egun sexologiaren alorren hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu; hezkuntza, prestakuntza, aholkularitza, terapia eta ikerkuntza, besteak beste. Berez, hezkuntza, aholkularitza eta terapia oso lotuta daude, hauen jarraipen bat ematen delako. Hau da, suposatzen da kalitatezko hezkuntza jaso ondoren, oso gutxitan izango zen beharrezkoa, adibidez, terapia jasotzea.

Horrez gain, bikote-terapia egiten dugu, komunikazioak, elkarbizitzak edo jelosiak sortzen dituzten gatazkak konpontzeko. Hedabideekin ere lan egiten dugu. Bertan parte hartzea oso garrantzitsua da, gizartearengan duten eragina handia delako eta sexualitatearen inguruan zabaltzen dituzten sineskeriak desitxuratzen dituztelako.

 

Zein da zuen zerbitzuen erabiltzaileen profila?

Denetarik dago. Adin ezberdineko pertsonekin lan egiten dugu; haurrekin, gazteekin, helduekin eta adinduekin. Terapian, adibidez, denetarik ikusten da; emakumeak eta gizonak bakarrik, bikoteak, ohean arazo erotikoak dituztenak (desioaren falta, eiakulazioa arazoak, orgasmo falta…), komunikazioa hobetu nahi dutenak, umeak dituzten banatzen diren bikoteak baita 80 urteko bikoteak ere…

 

Horrez gain, emakume gazteekin ere feminitatearen inguruko hainbat tailer egiten ditugu baita erotika lantzeko lantegiak ere. Identitate sexualarekin zailtasunak dituzten pertsonekin edota desioaren orientazioarekin zailtasunak dituztenekin ere lan egiten dugu.

 

 

Sexologiaren esparruan, gauzak aldatu al dira 20 hauetan?

Egia esan, oso gutxi aldatu da. Gutxiegi. Hezkuntzan, esaterako, garai horretan LOGSE zegoen indarrean eta lege honek esaten zuen sexu-hezkuntza zehar lerroen bidez landu behar zela. Baina zehar lerroen bitartez egiten bada, ikastetxearen edo irakaslearen arabera modu batez edo bestez jorratuko da gaia. Eta kasu askotan ez da egin eta gaur egiten dena ere oso eskasa da. Kasu gehienetan, ez da behar bezala lantzen. Ez da ikasgai bat eta badauka materiala nahikoa irakasgaia izateko. Eredurik onena irakasleekin, gurasoekin eta ikasleekin batera lan egitea izango litzateke.

Ildo horretan, esan beharra dago, sexu-hezkuntza ez dela bakarrik arriskuen prebentzioa. Guk sexologia sexuak ikertzen dituen zientzia bezala ulertzen dugu, hau da, gizon eta emakumeen zientzia. Gizon eta emakume indartsuak (sustraiak ondo jarrita dituztenak), zoriontsuak eta beren identitatearekin gustura daudenak lortzea dugu helburu. Sexuen arteko harremanak eta elkar ulertzea hobetu behar dira. Hori da gure lana. Sexuen arteko harremana hobetzea, bai ohean, bai kalean…edonon. Horretarako, gure helburua norbera den bezala ezagutzea eta onartzea da.

 

Lan horretan komunikabideen lana ere funtsezkoa izango da…

Bai, baina ez bakarrik komunikabideena baita telebista eta  teknologia berriena ere. Askotan hauek transmititzen dituzten baloreak harrigarriak dira. Hurrengo urteetako erronka honakoa izango da; nola jorratu pornografia Lehen Hezkuntzan. Egun 5. et 6. mailako umeek mugikorren bitartez irudi pornografikoak jasotzen dituzte. Oraindik ez dituzte bizipenik sexuaren inguruan, uste dute jasotzen eta ikusten duten hori errealitatea dela eta horregatik, beste motatako informazioa eman behar zaie. Horrela, askotan gazteekin lan egiten dugunean arazoak ikusten ditugu; frustrazioak dituzte euren bizipenak serietan edo sarean ikusi dituzten eredu irreal horiek bezalakoak ez direlako.

   

Sexologia, sexua, erotika… askotan nahasten diren kontzeptua dira.

Sexologia orain dela 100 urte baino gehiago sortu zen zientzia da. Hasieran oso garbi zegoen zer zen sexologia, hots, sexuak ikertzen dituen zientzia. Une horretan zeuden sexologoek zientziaren oinarriak ezarri zituzten. Arazoa II. Mundu Gerrarekin etorri zen, Europan zeuden zientzialariak AEBtara joan zirelako. Espainian, esaterako, Gregorio Marañon punta-puntako sexologoa zen eta sexuak ikertu ordez, ondo ikusita zeuden medikuntzaren beste arloak ikertzen hasi zen. Horrela, sexologia “garenetik” “egiten dugunera” izatera pasa zen; sexuak esan beharrean, sexua esaten zen…

Kontzeptu bezala, sexu hitza latinetik dator eta bere esanahia “bereizten gaituena” da. Baina geroago, 70 hamarkadan genitalak izendatzeko erabiltzen zen sexu hitza. Ostean gorputzaren atal horrekin egiten duguna edo koitoa izendatzeko erabiltzen hasi zen. Horrela, sexu hitzaren esanahia murriztu da erabat.  

 

Azken aldian, haurtzaroan ematen den transexualitatearen inguruko albisteak areagotu dira hedabideetan. Izan ere, urteurrena ospatzeko antolatu dituzuen hitzaldien artean haurren transexualitatea jorratuko duzue. Nola egiten zaio aurre egoera honi?

Identitate sexuala jaiotzetik dago zehaztuta baina 4-5 urtera arte ez da azaleratzen. Orduan sortzen dira deserosotasunak. Baina kontuz ibili behar gara transexualitateaz hitz egiterakoan, ez da rolekin nahastu behar. Hau da, 4 urteko neska batek “gizonen” jostailuekin jolasten badu, horrek ez du esan nahi bere identitate sexuala transexuala izango denik. Rolak badira gauzak bat, identitate sexuala beste bat eta desioaren orientazioa beste bat. Transexualitatez hitz egiten dugunean identitate sexualaz ari gara. Gaur egun, hainbat kasu ezagutzen dira, batez ere, haur horien gurasoak gazteak direlako eta umeari gertatzen zaiona ulertzeko irekiagoak direlako. Gurasoen papera ezinbestekoa da. Hori planteatuko dugu ekainaren 12an egingo dugun mahai inguruan. Bertan, ‘Ni Nahiane naiz’ liburuaren aurkezpena egingo dugu. Egilea transexuala den ume horren ama da eta ipuin baten bidez Nahiane neska bat dela azalduko die bere klaseko umeei.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago