Salbu!

hirinet 2014ko eka. 10a, 12:24

Deportivo Alavesek Jaenetik  garaipena eraman zuen  minutu gehigarrietan. Partida zoroa izan zen, azken hamar minutuetan lau gol egin ziren eta Juanma, Quiroga eta Guzmanen golei esker talde txuri-urdinak mailari eutsi zion.

 

Aurreneko gola Jaenekoek egin zuten,  53.  Minutuan eta Alaveszaleek kinka larrian ikusi zuten mantentzearen ametsa. Azkenengo hamar minutuak ordea, zoramenaren sinonimo bilakatu ziren, bi taldeen artean lau gol eskuratu baitziren. Glorioso izena ez zen ordea kasualitatez jarritako horietako bat, larunbatean argi geratu baitzen izen horren zergatia. Jaenen lehenengo gol horren ostean, Alavesek egin zuen gola, Juanmaren eskutik, partida amaitzeko zortzi minutu eskas falta zirenean. Gol horrek ilusioa ekarri zuen harmailetara, baita garaipenaren gola egiteko denbora bazegoenaren ustea. Ustea egi bilakatzen den horietakoa izan zen Mauro Quirogak, zeinak ez duen taldean horrenbesteko minuturik izan, ezta entrenatzaileengandiko konfiantza gehiegirik ere, 86. minutuan 1-2koa sartu zuenean. Hura zoramena hura harmailetara eraman zuena gol horrek.

 

Baina usteak erdia ustel, Fran Machado Jaendarren jokalariak 2-2koa egin baitzuen 88. minutuan. “Akabo, ezinezkoa, datorren urtean 2.B mailan berriz ere”. Halako baieztapenak izango omen ziren nagusi 1000 bat kilometro egin zituztenen artean zein etxean geratu zirenen artean ere. Hala ere, asko ziren aurrekari izan diren zenbait partidetan (Alavesek Erreala mendean hartu zuenekoa adibidez, Toni Moralen golaren bidez) gertatutakoak gogora ekarri zituztenenak, ondorioz, ametsak tinko zirauen. Eta horra hor  ametsa egi bihurtu zenekoa, partidaren azken hatsean area barruan eman zen jokaldi tirabiratsu baten ostean, Guzmanek, Alavesen azken jardunaldietako jokalariak, gola egin zuenean (93. minutuan). Alavesen alde egon ez den zori ona haren aldekoa bihurtu zen azken jardunaldi honetan. Hala ere, zoria ez zen izan faktore bakarra, hura bigarren plano batean geratu zen, talde osoak egin zuen lana izan baitzen taldea mantentze bidera eraman zuena.

 

Aipagarria ere, Alaves zale amorratuenek denboraldi osoan zehar taldeari eskaini dioten leialtasuna, haiei esker ez litzatekeelako posible izango garaipena eta mantentzea lortu izana. Alaves beraz, bere eta gainerako emaitzak alde eduki zituela, bigarren mailako taldea izango da datorren urtean ere. 

 

Hertsiki kirol arloari dagokiona alde batera utziz, partidaren ostean parranda izango omen zen nagusi, batzuk eskuak hurrengo eguneko giza katerako erabiltzea ahaztuaz, tragoa eusteko erabiliko omen zituzten, hurrengo egunean iratzargailua esku horrekin berarekin itzaltzeko ere, nork daki.

 

 

Egilea: Unai Abalos

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide