Aurreko urteetan ez bezala, telesailen estreinaldietara joan nahi duten lagunek sarrera ordaindu beharko dute. Sarrerak 3 eurotan egongo dira salgai. Jaialdiko zuzendariak esan moduan, “Principal Antzokiko alokairua estali ahal izateko” kobratuko dute sarrera.
Gasteizko alkatearekin batera egindako agerraldian festibaleko gastuei erreparatu zion Joseba Fiestrasek. Alabaina, aipatzekoa da irrati eta telebista festibalaren aurrekontua 300.000 eurokoa dela eta horietatik 180.000 euro Udalak jarri dituela, aurrekontuaren erdia baino gehiago, alegia.
Era berean, momentuz ez dute inon zehaztu jaialdia aurrera eramateko lanpostu berriak sortuko dituztenik. Aurreko urteetan kazetari, argazkilari, diseinu edota produkzio lanak egiteko boluntarioen lanaz baliatu izan dira. Badirudi, aurten ere ildo beretik jarraituko dutela, izan ere, orain hilabete Facebook bitartez iragarri zuten bolondres lanak egiteko kurrikulumak bidaltzeko epea zabalik zegoela.
Datozen egunotan, Festval jaialdiko webgunea martxan izango da eta hiru hizkuntzatan (euskaraz, gazteleraz eta ingeleraz) egongo dela iragarri dute. Bertan, seigarren edizio honetako programazioa izango da ikusgai. Besteren artean, hitzaldiak, mahai-inguruak eta proiekzioak izango dira.
Irailaren 1etik 6ra bitartean izango da Festval telebista jaialdiaren seigarren edizioa.