Landatxoko kiroldegia eraberritzeko lanak urrian hasiko dira

hirinet 2014ko abu. 19a, 02:00

Landatxoko kiroldegia eraberritzeko lanak urrian hasi, eta datorren urteko udaberrian bukatuko dira. 

Auzokoekin adostutako proiektua da.

 

Gasteizko Udalak irailean esleituko ditu Landatxoko kiroldegia eraberritzeko lanak. Hartara, kiroldegia Erdi Aroko hirigunerako erabilera askotarako espazioa bihurtzeko obrak urrian hastea aurreikusi du Udalak. Lanak gauzatzeko epea 6 eta 8 hilabete bitartekoa izango da, beraz, datorren urteko udaberrirako espero dira.

 

Proiektuaren gehienezko presupuestoa 955.813,71 eurokoa da, eta horren % 50 Urban funtsek finantzatuko dute, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez zehazki, Euskadiko EGEF programa eragilearen baitan.

 

Gasteizko Erdi Aroko hiriguneko auzoko eta elkarteek antzemandako beharrizanei erantzuteko Udalak bideratu dituen proiektuetan herritarrek parte hartu dute. Izan ere, proiektuaren garapenean Erdi Aroko hiriguneko auzo osoak hartu du parte kiroldegiari begira behar duten nolakoak zehazteko saioetan.

 

Kiroldegia osorik eraberritzeko proiektua auzokoekin adostu da, auzorako erabilera askotarako gunea bihurtzeko, eta besteak beste, hobekuntza hauek aurreikusi dira: ekipamenduaren zati bat ixtea, mota guztietako jardueratarako egokia den zoladura moldakorra jokaleku berria sortzea, harmailen eta aldagelen berritzea, askotariko bi gela bigarren solairuan auzokideek erabiltzeko, eta edukiera handiagoa.

 

Besteak beste, auzokideen ustez ekipamenduak beharrizan hauek zituen: eguraldi txarraren eragina eragoztea, argitasuna sartzen uztea, zoruaren itsasgarritasuna hobetzea, harmailetan erosotasun handiagoa lortzea, komunak eta aldagelak hobetzea eta jende gehiago sartu ahal izatea.

 

Informazio gehiago: Gizarte Etxeen eta Kirol Instalazioen Sarea

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago