LOMCErik gabeko Gasteiz aldarrikatuko dute ekainaren 6an

hirinet 2014ko ekainaren 5a

Gasteizko Gure Hezkuntza Plataformak LOMCE legearen aurkako kalejira antolatu du ekainaren 6rako.

 

Euskal Herrirako hezkuntza sistema eredu propioa aldarrikatzen duen plataformaren esanetan, “LOMCE oinarrizko hezkuntza eskubideari erasotzen dio eta horregatik, kontra agertu da Euskal Hezkuntza Komunitatea, bestea bestek, eskola inklusiboa baztertzen duelako, autoritarioa delako, segregatzailea delako eta euskara eta euskal kultura heriotzara kondenatzen duelako”. Horrez gain, “gure gelak eta ikastetxeak LOMCErik gabeko guneak izateko” eskatzen du plataformak.

 

Hau guztia eskatzeko hainbat jarduera egin dituzte ikasturtean zehar, biharkoa barne. Horrez gain, ikastetxetan zein kaletan sinadurak eta konpromisoak biltzen ari da LOMCEren ez-aplikaziorako bidean. Ildo horretan, ekainaren amaieran Gure Hezkuntza Gasteizko Plataformak Gasteizko Udalbatzari LOMCEa ez aplikatzeko mozio bat aurkeztuko dio.

 

 

Ekainaren 6ko kalejira eta jarduerak

 

18:00 Gasteizko hainbat eskoletatik ikasleak, irakasleak eta familiak zutabe koloretsuetan (pankartak, petoak, eskuak… eramanez), abiatuko dira Celedones de Oro plazara (Correos plaza).

18:30 Kale animazioa eta jolasak  Correos plazan

19:00 Kalejira koloretsua Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCErik gabeko Gasteiz lemapean: Musika (alboka, gaiteroak, abestiak) eta sorpresak egongo dira

19:45 Bukaerako ekitaldia: Bertsolariak eta testuen irakurketa

 

Informazio gehiago: Gasteizko Gure Hezkuntza Plataforma

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago