Lanaldi amaigabeak eta “patera” etxebizitzak Salburuko gizarte etxeko obretan

hirinet 2014ko maiatzaren 30a

Gasteizko Udalaren menpeko eraikuntza lanetan diharduten “langileak esklabuak izango bailiran” dabiltzate, ELA sindikatuak salatu berri duenez.

 

Azken urteotan, prekarietatea, krisia baino lehenagotik existitzen zen gaitza, obretan askoz ere gehiago hedatu egin dela dio sindikatuak.

 

 

Oraingoan, Salburuko gizarte etxea eraikitzen ari diren langileen egoera gogor kritikatu dute. ELAko ordezkariek hainbat hilabetetan bisitatu dute obra hori eta azpikontrata bateko hamabi langileak guztiz zapalduta daudela ohartarazi dute.

 

 

Sindikatuak salatu duenez, egunean hamaika ordu baino gehiago sartzen dituzte eta erritmo azkarregian lan egitera behartzen dituzte langileak. Modu berean, Arabako Eraikuntzaren Hitzarmenak ezartzen duen soldata ez dute betetzen eta langile batzuek 1.000 euro inguru besterik ez dute kobratu hiru hilabetez lan egin ostean.

 

 

Bestetik, azpikontrata horretako langileak etxebizitza “pateretan” bizi direla adierazi dute “pilaturik eta asmaezinezko baldintzetan”. Halaber, kaleratua izanez gero, etxebitza hori uztera behartuta daude, beraz, beharginek lana utzi eta “kale gorrian” geratu baino lehenago hamaika aldiz pentsatzen dute, hala beharrez.

 

 

ELAk Lan Ikuskaritzan salatu ditu gertakari hauek, hala ere, erantzunik ez dute jaso eta kexu dira. Ekintza penalak abiarazteko aukera ere aztertzen ari dira, “patera” etxebizitzak direla-eta.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago