Lehenik eta behin, giza katean parte hartu nahi duenak kilometroa eskuratu beharko du aldez aurretik. Guztira, 123 kilometro ehun bat mila eskuekin lotzea da helburua eta herrialde bakoitzari puntu kilometriko jakin bat dagokio. Kilometroa herrialde bakoitzean jarri diren postuetan eskura daitezke. Gasteizen esaterako Aiztogile kaleko 17. zenbakian zabaldu dute. Webgunearen bitartez ere lortu daitezke. Modu berean, autobusean joateko gomendatzen dute, izan ere, zenbait errepide moztuta izango dira eta autobusek lehentasuna izango dute.

Giza katea osatuko den egunean, behar bezala identifikatuta izango diren antolakuntzako lagunei egin beharko zaie kasu. Giza katea errepidearen ezkerraldean osatuko da, Durangotik Iruñeako noranzkoan. Arduradunek besterik esan ezean, horrela kokatu beharko dira parte hartzaileak. Ezinbestean, segurtasun arauak errespetatu beharko dira, adibidez, errepidea zati askotan ez da moztuta egongo beraz, adi ibili beharra dago.
Txalapartak, adarrak, kanpaiek edota beste soinuren batek hasiera emango dio giza kateari, 12.00ak aldera. Norbere kilometroan 10.00etarako egon beharko da. Katearen amaiera ere soinuak adieraziko du. Ostean, ekitaldiak izango dira Durangon, Bergaran, Lazkaon, Arbizun eta Iruñean eta ondoren, jai giro eta egun pasa bikaina egongo da 20.00ak arte tokiko egitarauarekin osatua.
Eguna heldu bitartean, hainbat ekintza programatu dira. Gasteizen, besteak beste, larunbat honetan Flash Moba izango da Porrotxen eskutik 11.00etan Foru enparantzan. Ordu erdi beranduago Katalunioako Casteller-ak ikuskizuna eskainiko dute. Goizean zehar informazioa jaso eta metroa erosteko azken aukera izango da.
Durango eta Iruñea lotuko ditu Gure Esku Dago egitasmoak giza kate baten bitartez datorren ekainaren 8an.