Nuclenorrek 2031era arte martxan nahi du izan Garoña

hirinet 2014ko maiatzaren 28a

Garoña zentral nuklearreko jarduera berreskuratzearen alde agertu ziren aurreko astean Iberdrolako akziodunak eta, espero bezala, zentrala ustiatzen duen Nuclenor enpresak atzo egin zion eskaera formala Espainiako Gobernuari.

 

Nuclenorrek baimena eskatzeko uztailaren 6ra arteko epea bazuen ere, presaka agertu da. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak eskaera aztertu eta erabakia hartu behar du orain.

 

 

Hasiera batean 2024 urtera arte martxan izatea proposatzen bazuten ere; orain, Endesak eta Iberdrolak osatzen duten enpresak Garoña 60 urte bete arte zabalik egotea galdegin du. Alegia, Burgoseko zentral nuklearraren jarduna 2031era arte luzatu nahi du Nuclenorrek.

 

 

Zentral nuklearraren segurtasunari dagokionean, Nuclenorren esanetan, AEBn 60 urteko bizitza izaten dute Garoñaren antzeko zentralek eta “gai horretan erreferentzia” direla defendatzen du enpresak.

 

 

Nuclenorrek eskaera egin eta berehala heldu ziren erreakzioak.  Besteak beste, EAJko zinegotziek proposamen bat eramango dute hurrengo udalbatzara eta Europako Batzordeak esku hartzeko eskatuko dute. Zentzu berean, EH Bildu Arabak Garoña berriz irekitzen bada bere esku dagoen lekuetan Endesa eta Iberdrolarekin dituen kontratuak ez berritzea erabaki du. Halaber, gainontzeko instituzio eta herritarrek berdina egiteko konpromisoa har dezaten lan egingo du koalizio abertzaleak.

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago