Martxa nordikoa ezagutzeko hastapen ekitaldia izango da ekainaren 1ean Araban

hirinet 2014ko mai. 28a, 11:54

Martxa nordikoa, ingelesez Nordic Walking, Europa iparraldean oso zabalduta dagoen kirol modalitatea da.

 

Apurka, mundu osoan zehar zabaltzen ari da, eta Hego Euskal Herrian jada hainbat gune berezi egokitu dira. Herritarrek kirol hau ezagutu eta proba dezaten, ekainaren 1ean hastapen ekitaldi berezia izango da Ozaetan, jende orori zuzendua. Antolatzen duten bigarren aldia izango da, eta iaz 200 pertsonatik gora biltzea lortu zuten.

 

Martxa nordikoan aritzeko bi makil berezi behar dira, eta ibiltzeko berariazko teknika ikasi. Bi elementu horiei esker, martxa arruntean erabiltzen ez diren hainbat gihar-talde lantzen dira, batik bat beso, bizkar, sorbalda eta bularrekoak. Nordic Walkinga egokia da sasoi eta adin guztietako pertsonentzat.

 

“Nahiz eta herritar gehienentzat kirol erabat ezezaguna izan, gure azpiegiturak lehen mailakoak dira mundu mailan”, azaldu dute antolatzaileek. Jada 16 Nordic Walking Gune egokitu ditu Geotech enpresa arabarrak Hego Euskal Herrian, udal eta Foru Aldundiekin elkarlanean. Gune hauetan informazioa, mapak, zailtasunaren araberako ibilbide seinaleztatuak eta, ahal denean, material mailegua egoten da.

 

Araba da aurreratuen dagoen herrialdea, hamar gunerekin. Horietatik zazpi Arabako Lautadan daude kokatuta. Lautadako 37 ibilbideek 360 km eskaintzen dituzte guztira, Europa osoan kirol honen jardunerako tokian tokiko sarerik handiena osatuz.

 

Hainbat dira egun horretan eskainiko dituzten zerbitzuak: Irakasle espezializatuak parte-hartzaileei teknika irakasteko eta ibilbidean zehar gidatzeko, makilen mailegu zerbitzua…

 

Parte-hartzaileek bi ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute: ibilbide berdea, 4 km ingurukoa, laua eta hasiberrientzat zein familientzako egokia; eta ibilbide gorria, 9 km-koa eta sasoi onean daudenentzako gomendatuta.

 

Horrez gain, kotxez gerturatu nahi ez dutenentzat, autobus zerbitzuajarriko da Gasteizen, Mendizorrotzako aparkalekutik abiatuta. Guzti horretaz gain, pintxo eta edariak, opariak eta zozketak egongo dira.

 

Prezioak:Helduak 3€. 12 urtetik beherakoak 1,5€. Autobusa (Gasteiztik) 3€. Makilen mailegua 2€.

Izen-emateak nwgunea@nordicwalkinggunea.net edo 945 01 09 48 / 652714290 

 

Informazio gehiago:  www.nordicwalkinggunea.net

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide