[GUTUNA] Alkatearekin bat nator

hirinet 2014ko maiatzaren 27a

Gutxitan gertatzen zait, baina oraingoan aitortu behar dut alkatearekin bat natorrela.

Zertan eta, gainera, bizikletarekin zerikusia duen kontu batean; eta hori gutxi balitz bizikletei ezarritako mugak onartzeko! Duela oso denbora gutxi ezinezko joko nuke horrelakorik gertatzea. Baina, Ruben Blades handiak kantatzen zuen moduan, bizitzak ustekabeak ematen dizkizu.

 

Bai, ados nago bizikletei hainbat ordutan erdigunean ezarritako debekuarekin. Izan ere, oinez Andre Zuriaren Plaza zeharkatu, Korreosetik aurrera jo eta Foru Plazan askoz lasaiago ibili naiz: bizikletero batzuk jendartean sigi-saga ikusi gabe ibilbidea atseginagoa egin zait; umeak handik hona korrika arrisku gutxiagorekin ikusi ditut; orokorrean leku abegikorragoa eta lasaiagoa iruditu zait, jendez lepo egonda ere.

 

Noski, ez dut gogoko udaltzainek bizikletero bat nola geldiarazten duten ikustea, ezta bizikleterooi isunak jartzen ibiltzea ere, Ez zait gustatzen, besteak beste, ongi dakidalako zein gutxi errespetatzen zaigun espaloi eta errepideetan udaltzain horiexek ezer egin gabean.

 

Baina, hala ere, zintzoki, aitortu behar dut gaizki iruditzen zitzaidan hori, hau da, zonalde batzuetan ordu batzuetan debekatzea, ez dudala jada horren gaizki ikusten, are gehiago, ondo iruditzen zaidala. Neurri hori onuragarria izan da herritar gehienontzat, nik behintzat hala sentitu dut ingurune horietan ibiltzean. Eta erdigunea txirringaz zeharkatzeko alternatibak egon badaude, ez hain zuzenak agian, baina balekoak, eta jendearen artean ibiltzea baino erosoagoak izan daitezkeenak, gainera.

 

Bizikletan gabiltzanoi oina lurrera jaistea ez zaigu batere gustatzen, ezta semaforo batean gelditu behar badugu ere. Noski, bizikleta eskuan eramatea ez da gure gustukoa, baina guk lau gurpilekoei mugak jartzeari ondo deritzogun moduan, ulertu beharko genuke oinezkoen onuran bi gurpilekooi ere mugak jartzea. Izan ere, geu ere bagara oinezko une askotan. Neuk, behintzat, oinezko naizen aldetik, eskertu egiten dut erdigunean bizikleterooi debekua jarri izana. Alkatearekin bat banator ere.

 

Egilea: Josean Bueno Saez de Albeniz

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago