30 urte baino gehiago igaro dira Etxabe harategia martxan jarri zenetik Adurtza auzoko Hebillas azokan. Denbora honetan, urterik urte, beren jarduna hobetzen saiatu dira. Kalitatea, produktua eta zerbitzua zaindu dituzte: "Okel naturala, Kalitate bermea eta Zerbitzu arduratsua" da beren leloa.
Hizkuntzari ere erreparatu, eta euskarari lekua eman diote. Horretan ere etengabe hobetzen saiatu dira.
Horiek horrela, errotulazioa ele-bietan dute baita produktuen kartelak ere. Bezeroak euskaraz zein gaztelaniaz artatzen dituzte.
Horrez gain, Udalarekin batera lanean aritu dira, merkataritzan ere euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan. Hain zuzen ere, Udalak urtero zerbitzu-katalogo bat argitaratzen du euskararen erabilera indartzeko zerbitzuak eta produktuak eskaintzeko (2014koa argitaratu berri da).
Bide batez, Gasteizko Udalak hiriko merkataritzan euskararen presentzia areagotzeko ematen dituen diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik da. Eskabidea eta behar diren agiriak irailaren 5a baino lehen aurkeztu behar dira Gasteizko Udalaren Erregistro Nagusian (Olagibel, 2).
Diruz laguntzen diren lanak 2013ko irailaren 1etik 2014ko abuztuaren 31ra bitarteko epean egindakoak dira. Proiektuaren kostuaren ehuneko 50era arteko diru-laguntza emango du udalak eta establezimendu bakoitzeko gehienez 300 euro jaso ahal izango da.
Irudia: Quintas
Adurtzako Etxabe harategia bere establezimenduan euskara sustatzeagatik saritua izan berri da Arabako Merkatarien Federazioak urtero egiten duen sari banaketan. Aldi berean, Alde zaharreko Victofer janari-dendak eta Alaiza Brewing garagardo enpresak enpresa-ibilbidearen saria eta berrikuntza saria jaso dute, hurrenez hurren.