Honako esaldi hau Kaldeok esana omen da, orain dela 4.000 urte inguru (alajaina): “Gure gazteak gain behera doaz, ez dute batere diziplinarik. Ez diete kasurik egiten zaharren aholkuei. Hurbil dugu munduaren akabera”. Eta, harrezkero, zenbat aldiz ez ote diren errepikatu halako hitz ilun apokaliptikoak. Ia-ia, irudi du gure historia zera besterik ez dela izan, gizartea hondamendira eraman duten gazte-belaunaldien segida bat.
Orain, kontrara, moderno batzuek esaten dute seinale txarra litzatekeela belaunaldi bat aurreko belaunaldiarekin ados egotea eta bat etortzea; aurrerabiderik eta ekimenik ezaren seinale litzatekeela, eta abar.
Eta nik, haur-belaunaldi berriez kexatzen hasi den honek, bere gazte-belaunaldiaz beraz ere sarri arnegatzen duen honek, ezin saihestu dut pentsatzea zeinen alferrekoak eta hutsalak diren adinen arteko gerra horiek; izan ere, adina ez da gizakien ezaugarri aldaezin bat, baizik eta alderantziz: bizirik irauteko zortea dutenak adin batetik bestera igarotzen dira, ezinbestean. Hasieran ume zirenak bilakatzen dira zahar.
Dena deseraikitzea ohitura omen den garai honetan, ordea, apenas egiten den ahaleginik belaunaldien arteko ezinikusiak eta ezinulertuak deseraikitzeko. Ematen du naturalak, halabeharrezkoak direla liskarrak. Elkarren kexu gara, bai, baina gazte txotxoloek ez dute ahaleginik egiten zaharrunoengana hurbiltzeko, eta zaharrunoak ez dira saiatzen gazte txotxoloengana hurrantzen. Ez dugu sortzen espazio komunik, bereiz bizi gara, nor bere galaxia hertsian. Estralurtarrak gara elkarrentzat. Baina nago gauzak arrunt aldatuko liratekeela baldin eta elkarren unibertsoetara zunda ikertzaile bakezaleak bidaltzen hasiko bagina.