‘Arabako Industriaren defentsan. Enplegu duina!’ lelopean bi hitzordu iragarri dituzte. Lehendabizikoa, goizean izango da, kotxe-karabana egingo dute eta Eusko Jaurlaritzan amaituko dute protesta; bigarrena, aldiz, arratsaldeko 19.00etan izango da. Elkarretaratzea egingo dute Posta plazan, SEA Arabako Enpresaburu Elkartearen aurrean.
Alestis, Aernnova, Cegasa, Condesa, Laminaciones Arregi eta Sidenor-Gerdauk Arabako ehun produktiboan duten garrantzia azpimarratu dute prentsa agerraldian eta bakoitzak bizi duen egoera ezberdina dela gogoratu. Baina, LAB sindikatuaren ustetan, badituzte ezaugarri komun batzuk ere. Talde handietan sartuta daudenez, diru laguntza publikoak jaso dituzte, eta lan erreforma baliatzen ari dira enplegua ezabatzeko eta langileen baldintzak aldatzeko. Egoera aldatzeko administrazio publikoek eta “bereziki, Eusko Jaurlaritzak” ez dutela ezer egiten salatu dute.
LABek egindako enpresa bakoitzaren diagnostikoa:
Alestis: gero eta lan karga gutxiago daukate, proiektuak ez dituzte hona ekartzen, eta bitartean UGT eta CCOO enpresarekin negoziatzen dute Andaluzian, EREan egin bezala, lan baldintzak okertzea (jardunaldia luzatu, soldatak produktibitateari lotu, malgutasun gehiago...) eta gero hemen aplikatu nahiko dute. Lantoki-arteko komitea osatu nahi dute hitzarmen orokor bat adosteko eta horrela hemengo langileon gainetik pasatu nahi dute.
Aernnova: erabateko malgutasuna nahi dute. Hitzarmenaren negoziazioan lan jardunaldia herrialdekoa baino handiago izatea proposatu zuten, komiteak baztertu zuenean ERE bat eta lan baldintzen aldaraztearen bidez inposatu diete. 4 aldiz aldatu diete egutegia. Proiektuak atera dituzte eta orain berriro hitzarmena negoziatzean proiektuak agertzen eta desagertzen dira beraien interesen arabera.
Cegasa: azken urteetako kudeaketa erabat kaxkarra izan da, erabaki okerrak hartuz eta zorra gero eta gehiago handituz. Horrekin batera, langileei ez zaie benetako informazioa helarazi, ezin izan dute ezertan parte hartu eta orain konkurtsoan daude, lanpostu asko eta asko galtzeko arriskuan.

Condesa: lehengai falta dago, nahiz eta enpresak iaz etekinak izan zituen. Taldeak zorrak ditu bankuekin, Arcelor Mittalek arazoak jartzen ditu bobinak hornitzeko, eta horren aurrean zuzendaritzak suspentsio ERE bat planteatu zien, langabezi prestazioarekin beraien arazoak konpontzeko. Trukean, enplegu berme minimo bat eskatu dutenean ezezko borobila jaso dute. Prozesu honetan zehar ez diete inolako informaziorik eskaini.
Laminaciones Arregui: 358 langileetatik 140 bat besterik ez dira gelditzen eta produkzioa orain arte ez da martxan jarri, taldeak hemengo lantokiak abandonatuta edukita. Orain, gatazkaren 2. urteurrenaren bezperan, kaleratze kolektibo bat abiatzeko beste prozedura baten berri jaso dute.
Sidenor Gerdau: laminadoko trena kendu nahi dute aurten eta hori lantoki honen arima izanda, baliteke hemendik 3-4-5 urtera ixtea. Gainera, orain taldeak Ascometal Frantziako enpresa erostekotan dabil eta horrek ondorioak eduki ditzake hemengo plantan.
Industriaren defentsan mobilizatuko da LAB sindikatua Araban erreferente diren sei enpresetako ordezkari eta langileekin batera maiatzaren 30ean.