Saioa Urizar, Argantzon ikastola: “Hau gertutik bizi behar da zein motatako arazoa den konturatzeko”

hirinet 2014ko mai. 20a, 11:21

Datorren maiatzaren 24an Argantzon Ikastolak jaiegun bat prestatu du eta egun horretan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen laguntzarekin egindako Ikastolaren Aldeko CD-DVDa aurkeztuko du.

Proiektu honekin, Trebiñuren egoera erakutsi eta bertan egoteagatik ikastolak pairatzen duena gizarteratu nahi du. Argantzon ikastolaren egungo egoera ezagutu nahian, bertako zuzendaritzako kide eta irakaslea den Saioa Urizarrekin hitz egin dugu.

 

Nola jaio zen Argantzon ikastola?

2003an baino lehen bazegoen eskola erdalduna Argantzunen eta ikaslerik gabe geratu zen. Orduan ikerketa bat gauzatu zen herriko familiek nahi zutena jakiteko eta ikusi zuten D ereduko ikastola batek funtzionatuko zuela. Horrela ikastola bat egiteko proposamena egin zuten Argantzungo Udalak eta Ikastolen elkarteak eta 2003ko urrian ikastolak ateak zabaldu zituen, 11 umeekin eta bi irakasleekin.

 

Egun, berriz, zenbat ikasle eta irakasle daude ikastolan?

Urtez urte joan da handitzen. Lehenengo urte bateko gela zabaldu zen eta poliki-poliki joan da osatzen, bost urteko gela sortu zen arte (1-6 urte). Horrela, irakasle beharra ere handituz joan da eta gaur egun, 10 urte pasa direnean, 50 ikasle inguru ditugu eta sei irakasle gara. Ume hauek herrikoak zein inguruko herrietakoak dira. Orain dela lau urte inguru, 0 urteko gela sortzeko beharra bazegoela ikusi genuen. Hortaz, gaur egun Haur Hezkuntzako bi zikloak eskaintzen ditu ikastolak, 0-3 eta 3-6 zikloak, hain zuzen.

 

Zer suposatzen du ikastola batentzat Trebiñon egoteak?

Arazo nagusia finantzazioa da, ez baitzaigu diru-laguntza zuzena heltzen. Madrilen ebazpen bat onartu zen eta honek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailetik diru-laguntzak jasotzea debekatzen digu, hau da, ebazpen horrek dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezin duela Trebiñon dirurik sartu. Gure ikastola Ikastolen elkartearen sarean dago baina hala ere ez dugu finantzazio zuzenik jasotzen. Horixe da gure arazo larriena, ezin baitugu guk bakarrik eskola mantendu. Modu desberdinetan finantzazioa lortzen saiatu gara, bai Eusko Jaurlaritzatik zein Burgosetik ere. Urte askotan eskola alegala izaten egon gara, ez geunden inon inskribatua. Gero Gaztela eta Leonen alta eman genuen, ituntzea eskatzeko ideiarekin. Haiek eskatutako baldintzak guztiak betetzen genituen, hala ere, eskaera deuseztatu ziguten. Euren arrazoia da Trebiñon badagoela plaza libreak dituen eskola publikoa eta hortaz ez digute ituna ematen.

Horrez gain, gurasoek, adibidez, ezin dute jantokirako, materiala erosteko edo garraiorako diru-laguntzarik eskatu. Irakasleok ez daukagu formakuntzarako aukerarik. Izan ere, orain urte batzuk hasi ginen Hezkuntzarako lanpostu-zerrendarako puntuak lortzen, ordura arte ‘alegalak’ ginelako. Sentsazioa da beti gaudela borrokan eta dena da oso zaila.

 

Egoera honen aurrean, zein da Eusko Jaurlaritzaren jarrera?

Lege horren aurka ezin du ezer egin. Errekurtsoa jarri zuen baina galdu egin zuen. Diru pixka bat lortzeko modu bakarra Argantzuneko Udalaren bitartez da. Hau da, Eusko Jaurlaritzak euskara sustatzeko diru bat ematen dio eta diru hori ikastolara bideratzen da.

 

Eta Gaztela eta Leoneko juntarena?

Zenbait bilera egin ditugu baina momentuz ez dugu ezer lortu. Momentu honetan 3-6 urteko zikloa daukagu erregulatuta baina ituna eskatzen dugunean ezezkoa ematen digute. Gainera, eraikina ordaintzeko kreditu handia daukagu eta hori ordaintzea zaila egiten zaigu. Diru pilo bat hori ordaintzera doa.

 

 

 

Gauzak horrela, nondik dator ikastola mantentzeko finantzazioa?

Partida garrantzitsuena Ikastolen Elkartetik datorrena da. Herriko Udalak ere asko laguntzen digu eta gero gurasoek ordaintzen dituzten kuotak daude, baita urtero dirua biltzeko antolatzen ditugun ekintzak ere, hala nola, jaietan jartzen dugun txosna, Gabonetako zozketa edo egunotan kaleratuko dugun diskoa. Gurasoek ahalik eta gauza gehien egiten dituzte. Eta ez bakarrik dirua lortzeko. Beste helburu inportante bat batasuna da, elkarlanean batasuna lortzen da eta batasunarekin ilusioa eta indarra.

 

Konponbiderik ikusten al duzue?

Oso zaila da. Urtero biltzen gara erakundeekin baina ezin da ezer egin. Egia esan, borondate kontu bat da eta saiatu, saiatzen gara, baina…

 

Zeintzuk dira epe laburrera dituzuen helburuak?

Gure helburua da 0-6 urte bitarteko zikloak erregulatzea eta hori behin erregulatuta, umeek bertan gelditzeko aukera izatea. Azken finean, 6 urte betetzen dituztenean euskaraz ikasten jarraitu nahi badute Langraitzera edo Gasteizera joan behar dute. Epe luzera gure helburua jarraipena (6 urtetik gora) izatea izango litzateke, hau da, Lehen Hezkuntza izatea. Berez, planteatzen den ideia da baina momentuz ezinezkoa da, Haur Hezkuntza mantentzeko arazoak baititugu. Gainera, hori egitekotan curriculumarekin arazoak izango genituzke. Oso zaila da.

 

Familientzat ere zaila izango da egoera hau…

Hau gertutik bizi behar da zein motatako arazoa den konturatzeko. Familiek beren umeak Argantzon ikastolan ikasten jarraitzea nahi dute. Haurrak oso ondo daude, gurasoekin daukagun harremana oso ona da, jolastokia parke bat da, askotan ateratzen gara herrira… Oso gustura daude. Hala ere, 3 urterekin ume asko joaten dira gero 6 urterekin beste nonbait plaza bilatzea oso zaila delako.

 

Lagungarria izaten ari da ikastolaren presentzia herria euskalduntzeko?

Ikastolaren ardatza euskara da eta  lan handia egiten ari gara horretan, bai ikastolak zein bertan dagoen Gutxisolo euskara elkarteak ere. Herrian nabaritzen da umeak eta familia asko euskalduntzen direla. Horren harira, euskara talde bat sortu zen gurasoentzat.

 

Finantzazioa bilatzeko lan horretan, Pirritx, Porrotx eta Marimotsekin laguntzarekin Ikastolaren Aldeko CD/DVD-a egin duzue. Nola jaio zen proiektua?

Ikastolako guraso batek Bonberenea Ekintzakoekin dauka harremana eta ikastolarentzat dirua lortzeko disko bat egin nahi zuela komentatzean, segituan zerbait egin nahi zutela adierazi zuten. Porrotxi asko gustatu zitzaion ideia eta urtarrilean bildu ginen ideia zehazteko. Oso interesgarria iruditu zitzaien gure proiektua eta maitemindu egin ziren.  Batetik, Pirritxek, Porrotxek eta Marimotsek, beste musikari batzuekin, abestutako rock abestiak aurkituko ditugu eta bestetik, beraiek proposatuta, ikastola eta Trebiñuren inguruko erreportajea dago (erreportajea, bideoklipa eta making of-a). Katxiporretak eta ikastolak elkarrekin egin genuen gidoia. Hasieratik oso argi geneukan ez zela bakarrik ikastolan oinarrituko, Trebiñu osoko erreportajea izatea nahi genuen. Izan ere, disko honen helburua bikoitza da; batetik, Trebiñuren egoera erakutsi eta Trebiñuren egoeragatik ikastolak pairatzen duena azaltzea.

 

 

Diskoa maiatzaren 24an aurkeztuko duzue, hain zuzen, Ikastolaren festa ospatuko duzuen egunean…

Bai, egun horretan Ikastolaren Jaia ospatuko dugu eta diskoa aurkezteko egun aproposa zela iruditu zitzaigun. Gainera aurten 10 urte betetzen ditu ikastolak eta zerbait berezia egingo dugu. Pirritx, Porrotx eta Marimotots gurekin izango dira eta horrez gain, beste hainbat ekintza ere antolatu ditugu, azoka, kalejira edo herri bazkaria, besteak beste.

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide