V. Mapa Soziolingusitikoaren harira azken boladan irakurri ditudan iritzi gehienak bat datoz: euskaldunen portzentajeak Araban izan duen gorakada ikusgarria izan da. Esne-mamitan gaude. Eta ez dakit zer pentsatu. Ni ez bainaiz euforia kolektibo horren partaide sentitzen; ezta gutxiagorik ere. Ni ote naiz arraroa?
Badaezpada, berriz irakurri dut V. Mapa soziolinguistikoari buruzko txostenak dioena, eta, egia esanda, bertako datuek ez didate hainbesterainoko baikortasunik sortzen.
Araba
Asko aipatzen da ezagutzak Araban izan duen hazkunde ikaragarria, eta ez hainbeste erabilera txikia kronifikatuta geratzeko arriskua. Eta behin eta berriz entzuten dugu duela 30 urteko egoeraren aldean ikaragarri hobetu garela, baina horrek ez nau ni askorik kontsolatzen. Nondik gatozen gogoratzea oso garrantzitsua da gure gaur egungo egoera nolakoa den aztertzeko. Baina garrantzitsua, norentzat? Historialarientzat edo soziologoentzat, bai; hiztun-komunitatearentzat eta hizkuntzarentzat berarentzat ere bai, onartzen dut; baina hiztun soilarentzat, zure edo nire seme-alabarentzat, hain determinantea al da duela 30 urteko egoera nolako zen gogoratzea? Ez dut uste. Garrantzizkoena beste zerbait da: oinarrizko hizkuntz funtzioak euskaraz garatzeko aukera izatea, euskaraz bizitzeko aukerak nahikotasun-maila batetik gorakoak izatea. Hori da koska, Araban beste edonon bezala. Eta abiapuntua bere tokian jarri beharra dago (edo tentuz erabili, azken 10 urteko bilakabideak beste kolore kezkagarriago bat damaigulako, esaterako erabileraren arloan). «Nondik gatozen» ez da hainbeste azpimarratzen, esaterako, beste esparru batzuetan, genero-politiketan adibidez, non atzera begiratzeak eta lehengo emakumeek bizi izan dituzten kalamidadeak gogoan hartzeak ez baitu aurrera begirako urratsak zertan baldintzatu. Eta gurean ere berdintsu. Iraganak iragan, gaur eta hemen, edozein herritarrek dituen hizkuntz funtzioak, erabilera-guneak, berdinak dira Gasteizen, Lodosan edo Lekeition. Horiek betetzeko nahikotasun-mailarik badugun ala ez, horixe dugu langa. Osterantzean, erabilerarik gabeko ezagutzaren goresmenean aritzeari, inflazioa deritzot, aitortu behar zaion garrantzitik gora ibiltzea, eta errealitatearen desitxuratzeari ateak zabaltzea.
Jarrai dezadan aurrera. Iraganera begiratzeko joera horrekin batera, bada sarritan erabiltzen den beste kontsigna bat, inoiz ondo ulertu ez dudana:
Euskara guztiona da
Halaxe errepikatzen zaigu, behin eta berriz. Eta egia izango da, agian, baina ñabardurak oso inportanteak dira. Nire etxekonekoak, goizeko zazpi eta erdietan igogailuan “Buenos días” diosala egiten didanetik gauean berriz zabor-poltsa eskuan “Buenas noches” agurtzen nauen arte, ez du egun osoan minutu bat bera ere ematen gogoetan, zein hizkuntza erabili behar duen okindegian, lanean, udal bulegoan, familian, lagunartean, medikurenean….; gaztelaniaz egiten du, eta kitto; beste batzuk, berriz, uneoro alerta gabiltza, argia piztuta, dona-dona ea zorterik dugun. Euskara biona izango da, baina ez modu berdinean.
Hori dela eta, oso esanguratsua iruditzen zait hasieran aipaturiko elkarrizketa horretan kazetariak eta Iñakik ematen duten datu bat: hedabideen artean ikuspegi baikorrak eta ezkorrak, bietatik agertu dira V. Mapa honek eman dituen datuen gainean. Baina argitu beharra dago oro har espainerazko hedabideak direla baikortasuna transmititzen dutenak, eta euskarazko apurrak ezkortasuna azpimarratzen dutenak. (Nire etxekonekoak ere, seguru nago, baikortasunez begiratzen dio euskararen etorkizunari.)
Metodologiaz bi hitz
Horrelako ikerketetan askotan gertatzen zait: ikaragarrizko datu pila, hamaika koadro, eta, azkenik, labur-labur (laburregi), ondorioak; eta horiek ere aski desorekatuak. Oraingo honetan, adibidez hamaika (10 + 1) ondorio atera dituzte. Horietatik, baina, azken hirurek baizik ez dute erabilera hizpide; gainerakoek immigrazioaren eraginaz edo gaitasunaz dihardute. Eta nago ni alderdi horiek ez dutela pisu espezifiko bera hizkuntz egoerak, oro har hartuta, eduki beharko lukeen horretan.
Bestalde, deigarria egiten da, batzuetan, datuak bere horretan ematearekin batera horien interpretazioa txertatzen dela, nire ustez nahiko modu behartuan. Batzuetan bai, beste batzuetan ez, ez dakigularik oso ondo noiz den pertinentea datuaren interpretazioa eta noiz ez. Berbarako, hona ale esanguratsu bat, azken esaldiaren makulu bitxia eta guzti:
«Duela 20 urte EAEn etxean euskara edo biak erabiltzen zituen euskaldunen ehunekoa nabarmen handiagoa zen (% 76,6). Horietatik, % 52,5ek euskara beti edo ia beti eta %24,1ek euskara eta erdara. Hortaz, 22,5 puntuko jaitsiera izan da euskara beti edo ia beti eta euskara eta erdara erabiltzen duten euskaldunen artean (% 76,6 versus % 54). Horrek ez du esan nahi erabilera orokorra murriztu denik, baizik eta euskaldunen ehunekoa asko hazi dela, eta erabilera ez dela neurri berean hazi.»
Plazebo-diskurtsoaren arriskua
Ni ere mezu ilusionagarriaren alde. Ados. Erakargarritasunaren alde. Konforme. Asertibitatearen alde. Bale. Baina egiaren alde ere bai, poeta bezala. Zergatik diodan hori? Irudipena dudalako halako kontsiga ezkutu bat zabaldu dela azken boladan, denok elkarrekin biribilketa alaian jarduteko, bide onean goazela nahitaez sinestu beharraren beharrez, gehien bat “hala komeni zaigulako”, eta bazterretan onkeria akritiko gehiegi ikusten dudalako; diskurtso politikoki zuzena loditzen ari garela, alegia, salbuespenak salbuespen. Ez dut uste bide ona denik. Ez molestatzeko kezkak presio soziala apaltzea ekar dezake; deseroso izateko beldurrak autozentsura areagotzeko bidea zabaldu dezake. Eta batak ez luke bestea alboratu behar. Yin eta Yan baitira euskararen geroa sendotzeko bidean.
Egilea: Martin Rezola
Hirinet honetan lehengoan Iñaki Martinez de Luna soziolinguista —eta laguna— elkarrizketatuz emandako