Une horretan, aupazu-ak eta eutsi-ak entzun dira. Hitzen iturriaren bila, begirada asfaltotik altxatu eta bikote bat ikusi duzu, espaloian. Txaloka ari zaizkizu, gogoz, energia “txute” bat helarazi nahiko balizute bezala, soinuaren bidez. Animoak eskertzeko irribarretxo bat ahoratzen saiatu zarenean ―akituegia baitzaude beste ezertarako― konturatu zara ez zaudela uste zenuen bezain nekatuta. Kale amaierara begira jarri eta aurrera jarraitzen duzu, tipi-tapa, korrika.
Igandean Gasteizko maratoia izan zen. Zabalgana auzoan, ikusle gutxi, eta zeudenak, epel, laguna noiz pasako zain, hura ―eta soilik hura―animatzeko. Bi pertsonaren txaloek goizeko isiltasuna eten zuten, eta haiei esker ondoan geundenak ere animatzeari eman genion. Hala, 20. kilometroan bospasei lagunek eskuak mintzeraino txalotu genituen korrikalariak, guzti-guztiak. Baten bati indarra eman geniolako ilusioarekin itzuli nintzen etxera.