Musika, bisita gidatuak eta lantegiak izango dira Artiumen, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko

hirinet 2014ko maiatzaren 12a

Artium Zentro-Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren asteburuan jarduera-programa zabal batekin: bi kontzertu, bisita gidatu bereziak edo familientzako lantegiak, besteak beste.

 

Hauen guztien artean, Relay (inprobisaziozko kontzertu anitza) nabarmentzen da, non hamabost musikari eta artista inguruk musika inprobisatua joko duten. Horrez gain, Scratch Egunaren beste ekitaldi bat egingo da gainera, animazioa lantzen den bideo-jokoen lantegi bat, eta baita Gasteizko Instragram sare sozialaren erabiltzaileen urteroko bilera ere. Jarduera guztiak doakoak dira, eta erakusketetara sartzeko asteburu osoan «Zuk nahi duzuna» tarifa ezarriko da, hots, bisitariak egoki deritzona ordainduko du sarreragatik.

 

 

MAIATZAREN 17AN, LARUNBATEAN


- Scratch Eguna (animazioko eta bideo-jokoen lantegiak), 11.00etan

Lehen Hezkuntzako azken zikloko ikasleak eta beren senideei zuzenduta dago tailerra. Massachussets-eko Teknologia Institutuak (MIT) garatu duen tresna honek ordenagailuen programazio-kontzeptuak arakatu eta haiekin esperimentatzeko aukera ematen du, interfaz grafiko erraz bat erabiliz. Scratch Eguna MIT-ek berak nazioarte mailan egiteko deialdia luzatzen duen Scratch Day delakoaren Euskadiko urteroko ospakizuna da.

 


- Bisita gidatu bereziak, 12.30ean eta 18.00etan

Bisita gidatu berezi bat egingo da Artium Bildumaren Herri-altxorra erakusketara.

 


- Relay (inprobisaziozko kontzertu anitza), 18.00etan


Museoen Nazioarteko Eguneko plater nagusia Relayjarduera izango da, hamabost musikari eta artista inguru bilduko dituen musika-ikuskizuna. Ordu horretan, hiru hirukote musika inprobisatua jotzen hasiko dira museoko hiru tokitan; handik gutxira, beste hirukote bat gehituko zaie, hiru lagunetatik bakoitzak zein taldetan sartu aukeratuko duela. Jotzen ari den hirukoteari beste kide bat elkartzen zaion bakoitzean, lehen zegoenetako batek alde egin eta beste talde batean sartu behar du, han ere beste musikari bat ordeztuz. Gitarrak, txeloak, ahotsak, tresna elektronikoak, haize-instrumentuak… ordezkatze bakoitzean jotzen den musika aldatuko dutenak, bi ordu iraungo dituen prozesu batean.

«Emaitza», dio Wade Mathews-ek, proiektu honen bultzatzailea, «inprobisazio askeko musikaren loratze kameleoikara da (…) “orain”-aren eta “hemen”-aren ospakizuna, non musikariek eta ikusleek neurri berean eta mugitzeko askatasun berberarekin parte hartzen duten». Izan ere, ikusleak behin eta berriz joan ahal izango dira toki batetik bestera, une bakoitzean esperientzia erabat desberdina biziko duten segurtasunarekin. Muntaketa honetan, besteak beste, Ainara LeGardon abeslariak, Naiel Ibarrola ikusizko artistak eta Idoia Zabaleta koreografoak parte hartuko dute.

 

 

MAIATZAREN 18AN, IGANDEAN

- Relay (inprobisaziozko kontzertu anitza), 12.00etan

 

- Bisita gidatu bereziak, 12.30ean eta 18.00etan

 

- Familientzako lantegiak

Artium Txikia (12.15ean) eta Good Morning Artium(12.00etan)

 

- Instagrammers Gasteiz-en urteroko bilera, 12.00etan

Instagram gizarte-sarearen Gasteizko erabiltzaileek nazioarte osorako deitzen eta tokiz-toki egiten den urteroko bilera egingo dute. Instameet 2014 ekitaldirako Arabako Instagramer direlakoak bilduko dira museoan eta bisita gidatu bat egingo dute.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago