Hizkuntza Eskubideen Egoera Euskal Herrian txostena aurkeztu du Behatokiak

hirinet 2014ko maiatzaren 12a

Aurreko astean Hizkuntza Eskubideen Egoera Euskal Herrian 2013 txostena aurkeztu zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Gasteizen.

 

Herritarrek egiten duten lanari esker administrazioek urratsak ematea lor daitekeela agerian geratu dela esan zuen Petriatik. Behatokiaren lana herritarren bizipenetan oinarritzen da, hauek Euskararen Telefonoaren bitartez egiten dituzten, kexek, zoriontzeek... osatzen dute aipatu txostena.
 

Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik azaldu bezala, “2013an hamaika traba izan dira euskararen herrian euskaraz bizitzeko, gaztelania eta frantsesa lehenestea da behin eta berriro herritarrek aurkitzen duten tupustarria. Erakunde publiko zein pribatuek hizkuntza-eskubideen bermea aintzat ez hartzearen ondorioz, herritarrak eskubidez gabeturik ikusten du bere burua askotan”. Neurriak herritarren “inplikazioari eta irmotasunari” esker hartzen direla adierazi zuen Petriatik.

 

Araban jasotako kexak

 

Bereziki, Hezkuntzaren alorra aipatu nahi zuen, izan ere, Euskal Herri osoan izan dira euskaraz ikasteko zailtasunak pasa den urtean. “Murgian dagoen Zuiako Virgen de Oro eskolan, D ereduan ikasi. D ereduan matrikulatu nahi izanez gero autobusean sartu eta 7 kilometrotara dagoen Izarra herrira joan behar dute”, salatu du Murgiako Mertxe Ituartek. Horiek horrela, 2013 urte hasieran Behatokira jo zuten egoeraren berri emanez eta berehala hartu zuen esku. Elkarlanean egindako lanaren ondorioz, hurrengo irailean haur hezkuntzako talde bat D ereduan abiatuko da. Horrez gain, Biasteriko ikasleek batxilergoa euskaraz ikasteko aukerarik ez dutela salatu dute Behatokian.

 

Arabako udalei dagokienez, orotara 11 kexa jaso zituen Behatokiak. Gasteizko Udalaren kasuan, bide seinale eta iragarkietan euskararen presentzia ez ziurtatzeagatik izan dira horietako batzuk.

 

Horiekin batera, Abetxuko auzoan kokaturik zeuden bi haur-eskoletatik bat, D ereduko Virgen Blanca, ixteko erabakiarekin kexu agertu ziren herritarrek. Horrela bada, familia, langile eta eragile sozialek eragindako presioaren ondorioz, Udalak Abertxukuko haur eskola ixteko erabakia atzera bota du.

 

Biasteriko udaltzainarekin euskaraz egiten saiatu eta gaztelaniaz aritu behar izateagatik ere kexa asko jaso ditu Behatokiak. Zerbitzuei dagokienean, Arabako Guardiatik Correos-ek bueltan bidali duten gutunean itzulketaren zergatia azaltzeko soilik gaztelaniaz eta frantsesaz dagoela salatu zuten.

 

Horrekin batera, Gasteizko V. Telebista Jaialdiaren webguneak eta Facebook zein Twitter kontuek gaztelera soilik erabiltzen dutela ere salatu zuen beste herritar batek. Baskoniak bere Twiter ofizialeko txio guztiak gazteleraz izatea salatu zuen beste batek. Behatokiak esan bezala, herritar honek jarritako kexari erantzunez, taldeak konpromisoa hartu du euskararen presentzia areagotzen joateko bere baliabideen  arabera.

 

Bestetik, Kutxabankek kexa dezente jaso ditu eta hobetzeko asko baldin badu ere,  hainbat neurri hartu ditu herritarrek salaketa helarazi ondotik: esaterako, Arabako bulego guztietan, non bideo-zaintzaren eta segurtasun-neurrien berri ematen duten errotuluak aldatu dituen.

 

Informazio gehiago: Hizkuntza Eskubideen Egoera Euskal Herrian 2013 txostena

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago