Laminaciones Arreguiko gatazka laborala hasi zenetik bi urte beteko dira laster. Bigarren urteurren honen atarian, aldiz, ez dirudi gauzek hobera egin dutenik eta gatazkaren konponbidea nahiko urrun irudikatzen dute langileek.
Berriki, Celsa Atlantic enpresako zuzendaritzak (lehengo Laminaciones Arregui) kaleratze kolektiboa gauzatzeko prozedura abiarazi duela iragarri du. Era berean, mugikortasun geografikoa ezarri nahi, hainbat kontratu baliogabetu eta hitzarmenetik atera nahi ditu Gasteiz, Urbina eta Galiziako Larachako plantak.
Ohar batean, LAB sindikatuak Celsa Atlantic enpresako zuzendaritzaren jarrera salatu du beste behin ere. Sindikatu abertzalearen ustetan, “langileak miseriara kondenatu nahi izan dituzte hasieratik” eta horren adibide “legez kanpoko EREak, epaitegietan aurkeztutako salaketa faltsuak edota Enpresa Batzordeak jasan dituen erasoak” aipatzen ditu.
Era berean, LABek Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Laminaciones Arreguiko langileen lanpostuak mantentzeko zer egingo duen argitzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren “moral bikotza” salatu dute, izan ere, “langileekiko elkartasuna adierazten badute ere, enpresako zuzendaritzarekin biltzen jarraitu dute, langilei bizkarra emanez”.
Zentzu honetan, mobilizazioekin jarraituko dute eta gaurko hitzordua 19.00etan izango da. Bilbo plazatik abiatuta manifestazio batek erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu. Enpresa Batzordeak iragarrita zeukan manifestazioa aspalditik, baina dimentsio berria hartu du enpresak iragarri berri duen kaleratze kolektiboaren ostean.
Arratsalderako manifestazioa antolatu dute. 19.00etan Bilbo plazatik abiaraziko dira.