Elisa Rueda: “Poesia kalera ateratzea da helburua, espero ez duzun lekuetan poema bat entzutea"

hirinet 2014ko maiatzaren 8a

Gaurtik hasita hilaren 31era arte, poesia nonahi topatuko dugu Gasteizen, ‘Poetak Maiatzean’ programari esker.

 

Hiriko kaleak, ikastetxeak, liburutegiak, museoak, lore-dendak, tabernak, merkataritza guneak zein leku esanguratsuak poesiaz beteko dira II. Nazioarteko poesia jaialdi honetan. Mintegiak, errezitaldiak, kontzertuak, ikusizko poesiaren erakusketa, bideo-poemen proiekzioak edo herri irakurketak izango dira, besteak beste,  Elisa Rueda poetaren zuzendaritzapean prestatu den programan, Gasteizko Udalaren zein hiriko hainbat eragileen laguntzarekin egin dena, hala nola, GEU elkartearena.

 

 

Zer aurkituko dute gasteiztarrek ‘Poetak Maiatzean’ jaialdian?

 

Lehenik eta behin, 300 pertsona inguruk parte hartuko dute poesiaren jaialdi honetan eta hiriko 25 leku ezberdinetan jarduera anitz ikusteko aukera izango dute. Hiriko zein kanpoko poetek hartuko dute parte, poesiarekin lotutako talde, elkarte eta lantegiek, musika taldeek, aktoreek, musikariek, dantzariek… Ekintzei dagokienez, denetarik egongo da; poesia, poesia eta gastronomia, poesia eta ekologia, poesia eta arkitektura, poesia eta musika, poesia eta dantza, umeentzako poesia, zumba eta poesia, post-it bidez soinean eramateko poesia, izan ere, liburutegi, taberna, museo eta abarretan olerkiak idazteko guneak jarriko dira: post-it gaineko bertsoak… Poesia edonon eta edozein modutan.

 

 

Argi dago, beraz, helburua poesia kalera ateratzea eta gasteiztarren artean zabaltzea dela, ezta?

 

Hori da. Asmoa poesia kanpora ateratzea da, hots, aretoetatik at eramatea. Ohituta gaude poesia oso modu formalean ikustera eta helburua da kalera ateratzea eta espero ez duzun lekuan poema bat entzutea. 

 

Nola jaio zen ‘Poetak Maiatzean’ jaialdia?

 

Ni poeta naiz eta aspaldi konturatu nintzen hemen Gasteizen poesia asko egiten dela eta jende asko dagoela mundu honetan. Batzuk badute bidea eginda, baina beste askok ez dute emanaldiak edo jarduerak egiteko aukerarik eta hauei aukera eman behar zitzaiela pentsatu genuen. Hortaz, arlo horretan behar bat zegoela ikusi nuen eta zera pentsatu nuen; zergatik ez dugu hemen egiten den hau guztia gizarteratzen? Ezagunak direnak zein ezezagunak diren ahots ezberdinak kaleratu nahi ditugu. Ideia honekin jaio zen. Horrela, jaialdian parte hartuko duten artista gehienak gasteiztarrak dira.

 

 

Oraingo honetan, poesia ez da soilik paperera mugatuko, izan ere, asko dira poemak transmititzeko erabiliko dituzuen euskarriak…

 

Bai, euskarri zein formatu ezberdinak erabiliko ditugu. Esaterako, maiatzaren 8an bertako artistek egindako bideo-poemak izango ditugu Artium museoan. Bestetik, poesia bisuala ere izango dugu, hau da, irudien bidezko poesia egingo da. Horrez gain, zumba dantzarekin ere uztartuko dugu poesia eta gauza bereziak eskainiko ditugu. Poesia ez da bakarrik irakurtzen den eta  triste zaudenean irakurtzen duzun literatura izan behar. Poesia ez da zertan estatikoa izan behar. Poesiak erritmoa behar du.

 

 

 I. edizioak aste bete iraun zuen. Aurtengo II. edizio hau, aldiz, maiatza osoan izango da. Ematen du iaz jendea poesiaz gehiago disfrutatzeko gogoekin geratu zela, ezta?

 

Bai. Iaz aste betean ekintza asko egin genituen, baina nahita egin genuen, Gasteizen poesiaren inguruan gauza asko egiten direla erakusteko. Aurten dosifikatu dugu baina hala eta guztiz ere, emanaldi batzuk metatzen dira, batez ere, azken astean. Horrez gain, aurten jendeak poesiarekin zerikusia duten gauzak egiteko lekuak eskatu dizkigu eta hauxe izan da politena.

Artistak ez ezik, hiriko hainbat taberna ere inplikatu dira proiektuan, hala nola, Parral taberna, Extitxu, Bilibio eta Puerta Grande. Lehenengo bi tabernan hauetan aspaldi egiten dituzte mota honetako emanaldiak.

Horrez gain, Elkar liburu dendan eta udalaren liburutegietan txoko bereziak prestatuko dituzte, non autore ezberdinen poemak irakurtzeko aukera egongo den. Bertan, poesian ezinbestekoa diren lanen gida izango dute eskuragarri gasteiztarrek.

 

 

Aurten euskarak leku garrantzitsua izango du jaialdian. Zergatik?

 

Poesia berez literaturan anai txikia dela esan daiteke, are gehiago, poesia euskaraz baldin bada. Hemen baditugu euskaraz aritzen diren poetak batzuk, oso interesgarriak direnak, besteak beste, Anjel Erro, Rikardo Arregi, Gerardo Markuleta, Xabier Olaso… Garrantzia eman behar diegu sortzaile hauei eta egiten duten lanari.

 

 

Rafa Ruiz de Zarateri ere omenaldia egingo diozue poesiaren bitartez…

 

Rafa Ruiz de Zaratek lan handia egin zuen Gasteizko Alde Zaharraren alde eta egoki iruditu zitzaigun omenaldia egitea. Horrela, maiatzaren 17an V. Ibilbide poetikoa egingo dugu bere omenez Alde Zaharreko etxarteetan.

 

 

Besteak beste, gastronomia eta poesia uztartzen dituzten jarduerak aurkituko ditugu programazioan. Nola elkartzen dira bi arte hauek?

 

Maiatzaren 20an ‘Hitz eta lapiko topaketa’ izango dugu, Michelin izarra duen Patxi Ezeiza sukaldariarekin eta Josetxo Azkona, ‘Koilara bete hitz’  liburuaren egilearekin. Azken finean, sukaldaritzan ere zentzumenekin egiten da lan, poesia bezala, hortaz, ez da hain zaila bi arte hauek uztartzea. Patxi Ezeizak esan bezala, errezeta bat egitea eta dastatzea, azken finean, poesia egitea da.

 

 

Gazteei poesia hurbiltzeko jarduerarik antolatu al duzue?

 

Bai. Vital Kutxa Fundazioaren Mejora programarekin batera, boluntarioak diren poeta batzuk ikastetxeetara joango dira, ikasleei euren esperientzia kontatzeko eta poema batzuk errezitatzeko. Horrez gain, Ramón Bajo ikastetxearen parte hartzea nabarmendu behar da, adin guztietako ikasleek errezitaldia emango baitute Eskoriatza-Eskibel jauregiaren ondoko harresian.

 

 

'Poetak Maiatzean', II. nazioarteko poesia jaialdiaren programa osoa

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago