Eta gero, paretak daude. Hormak-eta. Hormak oso-oso berritsuak izaten dira. Historiaren lehen muturreko lehen gizaki haiek kobazuloetako paretetan marrazkien bidez mintzatzen ziren bezala mintzatzen da orain ere gizaki garaikidea; beste tresneria batzuekin, beste estilo batean, bai, baina ezin esan alde handirik dagoenik. Gizakiak behar gorria du barren-buruetakoak munduari esateko, pintura gorri, beltz, gardenekin; ahozkoa ez den ahots ozen horrekin.
Hirietako pintadei begira gelditzen naiz sarri. Aldarriak izaten dira gehienetan. Protestak. Mezu argi eta ikusgarri horiei erreparatuz gero, eta, are, gure hiriko mezu horiek guztiak bilduko bagenitu, edukiko genuke zerrenda bat ia amaigabea. Eta etorriko balitz Marteko biztanleren bat eta irakurriko balitu mezu horiek denak bata bestearen atzetik, pentsatuko luke, apika, gizaki guzti-guztien oihu grafikoak direla, iritzi orokorrak, aldarri kolektibo unibertsalki (edo lurtarki) onartuak, hain dira ugariak eta deigarriak eta nabarmenak.
Marteko lagunak, izan ere, inork esplikatu ezean behintzat, ez luke jakingo normalean txikiek betetzen dituztela hormak margoz; handiek badituztela hori baino modu sotil eta eraginkorragoak beren egiak zabaltzeko.
Boteretsuak beti baitauka modua isil-isilik gelditzeko, garbi-garbia izateko, ezein pareta ezein oihuz zikindu beharrik gabe.