Kashbad taldeak ‘Arrakala’ disko berria kaleratu du

hirinet 2014ko mai. 2a, 10:43

Orain dela 15 urte bere azken diskoa (Hesiak) kaleratu ondoren, Kashbad taldea bueltan da, inoiz baino taldeago.

 

Gorka Lazkano (baxua), Gorka Sesma (gitarra), Sorkun Rubio (ahotsa) eta Haitz Beristain Txiki (bateria) musika egitera elkartu dira berriro eta  ‘Arrakala’ lana aurkeztu dute. Izan ere, 2012 amaieran berriz esnatzen hasi zen laukotea. “Oreretako lagun talde batek abiatutako ekimen batean parte hartzeko elkartu ginen Kashbad eta ‘Ihes puntua. Aitzol Gogortza preso lagunari musika, gutuna, bertsoak’ eta diskorako ‘Okila’ abestia egin genuen. Gero hau eta bestea, azkenean liatu egin gara eta kanta sorta bat sortu dugu”. Taldea elkartzeko erabaki horretan ere zerikusia izan zuen garai batean taldeko kidea izan zen Karlos Osinaga musikariak, aipatu abestia grabatu ostean, disko berria grabatzera animatu baitzituen. Horrela jaio zen ‘Arrakala’ lan berria, Bonberenea Ekintzak-en eskutik. “Jolasean, lagunartean, adiskide zaharrak afaritako biltzen diren bezala sortu da lan berri hau. Presiorik gabe. Inori ezer frogatu beharrik gabe. Musika sortu, eta jotzeak dakarren plazeraz. Eta agian, ideia horretan datza disko honetako kantuen freskotasuna”. Guztira, zortzi kantu bildu dituzte bilduman eta 2001ean ‘Gaztetxeak martxan’ disko kolektiborako egindako ‘Zuen eskaparateetan’ abestia  gehitu dute.

 

 

Sortu berri dituzten abestien hitzei dagokienez, nahiko kriptikoak eta  interpretazio irekikoak direla azaldu dute. Euren esanetan, “zentzu bakarreko letra gutxi idatzi izan ditugu”.  Arrakala-n mintzo dira, esaterako, abortuaz, oreka mentalaz, bikote harremanetako inkomunikazioaz, bizitzan aurrera jarraitzeko egin behar diren ahaleginez... Lazkanok idatzi ditu denak, ‘Lokatz siderala’(Eider Rodriguez) eta’ Malabareak’ (Txiki) izan ezik.

 

Rocka, haratago joaten diren post rock pasarteak, stoner ukituak, pop kutsuko melodia gozoak, distortsioa, edota hardcore oldarkorrez bustirik dauden kantak topatuko ditu entzuleak disko honetan. Kashbad taldearen musika unibertsoa ez baita inoiz norabide bakarrekoa izan.

 

 

Disko berriaren aurkezpenean taldeak argitu bezala, ez da epe luzeko itzulera eta printzipioz, udako eta udazkeneko kontzertu-bira bukatutakoan utzi egingo dute. Maiatzaren 3an hasiera emango diote bira honi eta Gasteizen maiatzaren 17an izango dira (Gaztetxean).

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide