Iragan apirilaren 15ean, Donostiako San Telmo museoan Joseba Azkarragak, Teresa Todak, Maialen Lujanbiok eta Eneko Olasagatik, beste batzuen artean, Giza Eskubideen aldeko adierazpena publiko egin zuten. Giza eskubideak, konponbidea eta bakea ardatz izango dituen mugimendu herritarra saretzea da helburua.Bihar Gasteizen izango diren topaketak Eskoriatzan egin ziren topaketen segida bat dira. Huhezi fakultatean burutu ziren jardunaldietan parte hartu zuten Maider Nievesek eta Ainara San Vicentek. Egun, Gasteizko topaketaren bultzatzaileak dira.
‘Konponbidea’ lelopean burutuko den herritarren topaketa nondik dator?
Martxoaren 15ean San Telmon egin zen elkarretaratzetik dator. Bertan, euskal preso politikoen giza eskubideen defentsan minimo batzuk zehaztuz adierazpen bat sortu zen, non, edozein herritarri eskua luzatu zitzaion parte hartzera gonbidatuz. Bertan zehaztutako gutxieneko batzuk, presoei dagozkien eskubideak errespetatuak izatea, beraien ingurune sozial afektibotik gertuen dagoen espetxean zigorra bete ahal izatea, gaixotasun larriak dituztenen kaleratzea eta bizi osorako zigorra ahalbidetzen duten neurriak indargabetzea izan ziren.
Aurretik ere Eskoriatzan egin zen beste topaketa bat, zer adostu zen bertan?
Esan bezala, Eskoriatzan bildu ginen apirilaren 12an, bertan hiru ardatzen inguruan eztabaidatu genuen 10 lan-taldetan banatuta. Mugimenduaren izaera, lan estiloa eta mezua izan ziren landutako hiru ardatzak. Zaila da bertan adostutako guztia laburbiltzea, edonola ere, nahi duenak www.herritarrentopaketa.net web gunean topatuko du akta.
Orokorrean, preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko sare baten lehen aletxoa izan zen. Sare ireki bat, anitza eta bizi dugun egoerari egokitua. Harremanak lantzearen inguruan ere hausnarketa ugari egin zen, zaila da guztia laburbiltzea baina guztiak sentsazio berdinarekin atera ginela uste dugu. Alegia, preso eta iheslarien giza eskubideak erdigunean kokatu behar ditugula eta konponbidean urratsak eman behar ditugula. Hauxe izango da gure ekarpena. Herritar bezala, giza eskubideekin kezkatuta gaudenontzat hau ezinbesteko pausua dela uste dugu.
Goiuri Jauregiko topaketa, nori zuzendua dago?
Sare hiritarra jostera goaz, minimo amankomun batzuen inguruan. Gure ustez, zilegia ez ezik, beharrezkoa da presoen eskubideen alde lan egitea beraz, gizartearen gehiengoa inplikatzea beharrezkoa dela ikusten dugu sare tinko eta eraginkor bat osatzeko. Horregatik, larunbatean sare hiritarraren izaeran parte hartzeko aukera edukiko dugu, mezuan, lan estiloan...
Gasteiztar orok ateak zabalik ditu parte hartzeko, gutako bakoitzak asko du emateko eta egiteko eta denok gara beharrezkoak dispertsioarekin amaitzeko.
Ilusioa bildu eta bideratuko duen mugimendu herritarra aktibatzea duzue xede. Nola motibatzen da jendartea?
Guk ‘Giza Eskubideak, Konponbidea. Bakea’ dugu lelo nagusitzat. Uste dugu hori dela jendartean adostasun handiena duen gaia, herritarron gehiengo zabal bat giza eskubideen errespetuarekin bat gatoz, konponbidearekin ere bai, asko sufritu duen herri honek merezi duelako sufrimendu horri atea ixtea, hori izango da gure ekarpena, bakoitzak bere aukeren arabera ate hori ixteko ekarpena, ez da gauza makala.
Orain idazten ari garen gure herriaren historiaren zatitxo honetan gure ekarpena garrantzitsua da, etorkizun labur batean “nik ere sakabanaketarekin amaitu nuen” esango dugulakoan gaude. Hau garrantzi handiko elementua izango da. Orain arte, sakabanaketa politikarekin amaitzea eskatu dugu askotan, orain sakabanaketarekin amaitzera goazela esaten dugu. Herritarrak izan behar gara eta izango gara honen guztiaren protagonista, gure aukera da, guk espetxe politika krudel honekin amaitu dezakegu. Horretara goaz eta saretzea izango da gure modua.

Zein izango da sarea ehundu osteko urratsa?
Sarea sarea da, etengabe ehuntzen ibiliko dena, larunbatean ez da ezer amaitzen, Gasteizen larunbatean hasiko gara saretzen, adostasunetik elkartuz eta ondoren adostasun hori guztia aktibatuz, horregatik garrantzitsua da Goiurira gerturatzea.
Giza eskubideak, konponbidea eta bakea ardatz jendartearen aktibazioa bilatu nahi duzue. Instituzioak non geratzen dira?
Siglak alde batera utzi nahi ditugu, ez delako gutxi batzuen ardura, giza eskubideak denon ardura direlako. Gu herritarrak gara eta herritarrekin saretuko gara, instituzioekin harremanak eztabaidagai izango ditugu larunbatean.
Eztabaidarako aukera paregabea dugu larunbat honetan, iritzi ezberdinekin kontatzeko aukera. Sare horren baitan txertatuak izango dira botatzen diren iritzi guzti horiek eta sortzen ari garen sare hau herritarron sarea izango da, herritarrok egindakoa, herritarrontzako eta beti ere konponbidearen alde eta giza eskubideen errespeturako.
Preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko eragile bat sortzeko prozeduran ‘Konponbidea’ lelopean herritarren topaketa antolatu dute biharko, maiatzak 10, Goiuri Jauregian 10.00etan.