Adolfo Suarezen biografiak dioen bezala, 1950eko hamarkadatik aurrera eta 1977ra arte hainbat kargu bete zituen diktadura frankistaren egituretan. Ondoren, 4 urtez Espainiako presidente izan zen. Hala ere, ez da Gasteizko kale izendegian bere izena nabarmenduta izango duen frankista bakarra, oraindik ere Araban izan ziren hainbat agintari frankistak kalea baitute gure hirian.
Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Orokorrak EAEn geratzen diren ikur frankisten bilduma bat osatu zuen, abenduaren 26ko 52/2007 Memoria Historikoaren Legeak agintzen duena betetzeko. Bilduma horretan Gasteizko 12 kale eta txoko ageri dira, bai zuzenean agintari frankisten izenak erabiltzen dituztenak, bai zeharkakoak, frankismoak haren balioak -espainiartasuna, katolizismoa- nabarmentzeko erabili zituenak.
Espainia Plaza
Zerrendako lehenaren izenari buruzko historia ederki kontatu zuen Iñaki Larrañagak ZuZeu hedabidean. Haren jatorrizko izena “Plaza Mayor” izan zen, nahiz eta “Plaza Nueva” errotu zen herritarren artean. 1936an demokraziaren aurkako kolpe militarra gertatu zenean “Plaza de la República” deitzen zen. Geroago etorri ziren agintari frankistek “Plaza de España” izendatzea erabaki zuten, “Espainia irainduaren omenez”.
Ramiro Maeztu kalea
1936ko irailean Gasteizko Udalak Ramiro Maeztu izena berreskuratu zuen kale baterako, Errepublika garaiko udalak kendu egin baitzuen.
Ramiro Maeztu intelektual nabarmena izan zen Espainian XX. Mendeko lehen erdialdean, eta ez zuen frankismoko erregimenean parte hartu, lehenago hil baitzuten (1936ko urriaren 30ean). Politikari gisa, Maeztu Espainiako enbaxadore izan zen, Argentinan, Primo de Riveraren diktaduran. Hala ere, frankismoak nolabait haren irudiaren manipulazioa egin zuen ikonotzat hartzeko -Maezturen ideiak ez zetozen bat ez Primo de Riveraren laizismoarekin, ezta José Calvo Soteloren totalitarismoarekin- eta 1974an Maeztuko Konde titulua eman zion.
Maezturen izena eraman zuen lehen kalea gaur egun Magdalena kalea dena izan zen. Aurretik ere Magdalena deitzen zen kale hori. Demokrazia errepublikanoa itzuli zenean Magdalena izena berreskuratu zuten. Lehen alkate frankista izan zen Santaolallak, berriz, kaleari berriro idazlearen izena ematea pentsatu zuen, baina auzokideek Magdalena mantentzea eskatu zuten, era haren ordez, vitorianismoaren tradiziora eta gurutzadako martiriak ohoratzeko ideia frankistara ezin hobe egokitzen zen idazlearen izena berreskuratzeko, Domingo Beltran kalea bitan zatitu zuen, eta kale horren zati bati Ramiro Maeztu izena eman zion.
Legutianoko Atea (Villarreal)
“Portal de Villarreal” kale izena 1936ko azaroaren 20tik abenduaren 24ra bitartean gertatu zen Legutianoko guduaren omenezkoa da. Urbina zen kalearen izena XIII. mendetik, Urbina herrira joateko bidea baitzen. 1937ko uztailaren 7an, udalak kale hori “Portal de Villarreal” izendatzea erabaki zuen, eta gaur egun ere mantentzen da, herriaren egungo izenera egokituta: Legutianoko Atea.
Jose Lejarreta kalea
Jose Lejarreta Salterain Gasteizko tokiko korporazioaren lehendakari izan zen 1941etik 1944ra; hortaz, Santaolallaren ondoren hiriko bigarren agintari frankista nagusia. Hiriko eskuindarren aldekoa, lotura politiko argirik ez zuen arren, 1941. urtean Udaleko Batzorde Kudeatzailean Santaolalla ordezkatzeko proposatu zuten.
Kalea Judimendin dago.
Duende pasabidea
Norberto Mendoza Carl frankistak “Pensamiento Alavés” hiriko egunkari tradizionalistan idatzi zuen, “El Duende del Campillo” ezizenarekin. 1944-1946 tartean lehen alkateorde izan zen Udaletxean, eta hainbat hilabetez alkate lanak egin zituen, alkate titularra kanpoan izaten baitzen askotan. Duende pasabidea Gasteizko hegoaldea erdigunearekin lotzeko eraiki zuten, eta Norberto Mendozak haren defentsan hainbat artikulu idatzi zituenez, 1956. urteko urtarrilean hartu zuen zubi horrek egun duen izena.
Pedro Orbea kalea
Pedro Orbea Gasteizko alkate izan zen 1949tik 1951ra, enpresari garrantzitsua izateaz gain. Pedro Orbea kalea dagoen tokian haren lantegi bat egon zen kokatuta: “Explosivos Alaveses, S.L.”.
Anglo auzoan dago kalea, Frantzia kalearen atzean.
Luis María Uriarte kalea
1973an kale bat eskaini zioten Uletan (Armentian) Luis Maria Uriarteri, 1938tik 1943ra bitartean Arabako Aldundiko lehendakariorde izandakoari.
Gregorio Altube plaza
Gregorio Altube probintziako diputatu izan zen 1938an, baina ezagunagoa zen kazetari gisa, Heraldo Alavés hiriko egunkariko zuzendari izan baitzen. Gaur egun Amaia gizarte etxea dagoen plazaren alboko plazatxoa da.
José María Díaz de Mendivil kalea
1977ko abenduaren 13an Gasteizko Udalak kale bat eskaini zion Jose Maria Diaz de Mendibil frankistari. Estatu kolpearen ondoren, Aldundiko lehenengo Batzorde Kudeatzailean parte hartu zuen, eta ondoren Batzordeko lehendakari izan zen 1938-1943 tartean.
Diaz de Mendibil ingeniari agronomoa izan zen, Ikerketa Agronomikoen Institutuko lehendakaria. Nekazaritzaren esparruko Merituaren Gurutze Handia eman zioten, eta Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluko kide izendatu zuten. Sindikatu katolikoekin ere lotura izan zuen, eta Baraibar sekzioko lehendakari izan zen; Eusko Ikaskuntzako Arabako sekzioaren barnean zegoen hura.
Lakuabizkarran dago kale hori.
Vicente Abreu kalea
1978ko uztailaren 7an, Franko hil eta bi urte geroago, Gasteizko Udalak Vicente Abreu Madariagari eskaini zion kale bat. Abreu Arabako gobernadore militarra izan zen diktaduraren lehenengo urteetan, bai eta Arabako Aldundiko lehendakaria ere (1943).
Kale izendapen hau Tomás Alfaro Fournierri emandakoarekin lotuta dago, izendapen biak aldi berean egin baitziren. Azken hori Gasteizko alkate izan zen demokrazia errepublikarraren sasoian. Hori bai, biei kalea eskaintzeko aitzakia ez zen izan meritu politikoa edo militarra, piktorikoa baizik: margolari eta marrazkilari gisa egindako ibilbideak omendu nahi omen zituzten.
Margolarien kaleen zonan dago, San Martin auzoan.
Vicente Manterola kalea
Vicente Manterola Pérez XIX. mendean bizi izan zen eta, beraz, ez zuen frankismoan parte hartu, baina frankismoak ikur gisa erabili zuen modernismoaren aurka zuen diskurtso politikoagatik eta Estatuaren konfesionaltasun katolikoaz egiten zuen defentsagatik; baita frankismoak karlismoari lotutako hainbat irudi bereganatzeko egin zuen lanari lotuta.
Manterola Gorteetarako diputatu izendatu zuten Gipuzkoatik 1869an, Unión Católica alderdiaren ordezkari gisa. Hala ere, Donibane Lohizunera alde egin behar izan zuen, Isabel II.a erregina tronutik kendu ondoren Espainian ezarritako erregimen demokratikoaren aurka egin zuelako.
Frankismoak apaiz horren irudia bere egin zuen, haren katolizismo ultramontanoan oinarrituta, eta 1936ko estatu kolpean tradizionalismoak izan zuen eragina aitortzeko.
Zaramagan dago kalea.
Pedro Asua kalea
Pedro Asua arkitekto eta apaiza Gerra Zibilaren hasieran hil zuten miliziano errepublikanoek, apaiz ezaguna izateagatik. Lehenago, Arabako Apaizgaitegia eraikitzeko enkargua izan zuen.
Diktadura frankistak sinbolotzat erabili zuen Asua, Errepublikaren aldekoek apaizak hilez eta elizak errez egindakoak salatzeko.
San Martin auzoan dago kalea.
Egilea: Asier Sarasua
PP, EAJ eta PSOEren aldeko botoekin