Gasteiz ‘LOMCErik gabeko Gasteiz’ bihurtzeko dinamika abian da

hirinet 2014ko apirilaren 24a

Hezkuntza Plataformen topaguneak planteatutako ‘LOMCErik gabeko herria’ dinamikarekin bat egin dute Gasteizko 16 ikastetxek.

 

 

Prentsa agerraldian azaldu moduan, Gasteizko Gure Hezkuntza plataformak LOMCEri ezezkoa adierazteaz gain, ez aplikatzeko konpromiso zehatza agertu du. “Norberak bere ikastetxean egingo du lanketa eta ondoren, hiriburua egingo dugu salto –adierazi dute– . Maila pertsonaletik modu kolektibo baten garatu arte”.

Zentzu honetan, LOMCE bezalako legeekin gure hezkuntzak pairatuko duen erasoa “azken urteetako bortitzenetarikoa” izango uste dute hezkuntza komunitatea osatzen duten zenbait eragilek zein norbanakoek. Plataformaren esanetan, “kezkatuta gaude etorkizuneko belaunaldiak adoktrinamenduan, moral katolikoan, eliteen balore atzerakoietan eta, finean, Alderdi Popularraren ideologiaren arabera hezi nahi dituztelako”.

 

 

Horiek horrela, sinadura bilketa abiatu dute Gasteiz LOMCErik gabeko herria bihurtu dadin. Ikasturtea bukatu baino lehen, jasotzen dituzten sinadura orriekin mozioa sartuko du Gure Hezkuntza plataformak Gasteizko Udaletxean.

 

 

Azkenik, hasitako bide honetan “egiteko asko” dagoela gogoratu eta datorren maiatzaren 7an, asteazkenean, plataformak Landatxo Gizarte Etxean, 19.00etan, egingo duen bilkuran parte hartzeko deia luzatu dute. 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago