Iban Zaldua: “Ipuin bildumak, nobelak ez bezala, ez du irakurketa-ordena jakin bat ezartzen”

hirinet 2014ko apirilaren 23a

Estilo, gai eta luzera ezberdineko 38 ipuin bildu ditu Iban Zaldua idazleak ‘Inon ez, inoiz ez’ liburuan. Ipuin liburuetatik ipuin bildumara egin du jauzi idazle donostiarrak lan honekin.

 

Biodiskografiak’ (Erein, 2011) eta Idazten ari zela idazten zuen idazlea (Elkar, 2012) ipuin liburuetan “lotura tematiko eta trama berezi bat” agertzen dela dio Zalduak. ‘Inon ez, inoiz ez’ obran, aldiz, ipuin oso ezberdinak biltzen ditu.

 

38 ipuinez osatutako bilduma honetan, irakurleak aniztasun tematikoa topatuko duela pentsa lezake. Zeintzuk dira aurkituko dituen gaiak?

Liburuak gizakiaren bizitzaren eta heriotzaren alor guztiak ukitzen dituela esatea gustatuko litzaidake, baina gezurra litzateke, noski. Harremanak eta haien pozoitzea, frustrazioak eta frustrazio bilakatzen diren garaipenak, denboraren igarotzea eta denboraren zirkulartasuna, eguneroko bizitzaren espantua, euskal gatazka eta bere gatazka paraleloak… horietatik guztietatik pixka bat dagoela esango nuke. Eta baita gutxiago ere, ziurrenik.

 

Ipuin hauetan, zeinek du pisu gehien; errealitatea ala fikzioa?

Ipuinak izanik, fikzioak noski. Nahiz eta ez hainbeste kazetaritza-erreportaje bat edo soziologiako liburu bat idatzi izan banitu baino, noski.

 

Izan ere, bildumaren Hemen, orain, bigarren atalean euskal gatazkaz mintzo zara. Kasu honetan, nola jorratu duzu?

Literatura egiten saiatuz, hots, katiximaren eskemetatik ahalik eta gehien urrunduz, eta bake garaiotako euskal gizartearentzat ekarpen positibo bat egiteko batere asmorik gabe. Baina auskalo lortu dudan helburuok betetzea...

 

Literatura autobiografikoaren arriskuez ere hitz egiten duzu. Zeintzuk dira arrisku hauek?

Arriskurik handiena, iruditzen zait niri, norberaren bizitza txit interesgarritzat hartzea da: literatura autobiografikoa praktikatzen dutenen artean maizegi gertatzen den zerbait, beldur naiz. Gizaki gehienon bizitzak ez baitira, berez, literaturarako gai bereziki interesgarriak. “Autobiografia” gehiegi azpimarratu eta “literatura” zer den ahaztea izaten da halakoen bekatu nagusia.

 

Bilduma bat izanik, ba al dago ipuinen arteko loturarik? Egotekotan, zein?

Erdiko atalak, lehen aipatu duzun “Hemen, orain” horrek, nahikoa batasun tematikoa dauka, berez. Eta liburuan zehar obsesio batzuk errepikatzen direla esango nuke, batzuetan nahiko era paraleloan. Edonola ere, ez dakit zer dela eta ipuin bilduma batek izan behar duen, derrigorrez, lotura bat. Azken finean, egileak ematen dio batasuna liburuari. Zorionez, eta zoritxarrez.

 

Zure aurreko lanak Biodiskografiak (Erein, 2011) eta Idazten ari zela idazten zuen idazlea (Elkar, 2012), esaterako, ipuin liburuak direla diozu; Inon ez, inoiz ez, ordea, ipuin bilduma. Zein da aldea?

Horixe: aurreko biek lotura tematiko bat zeukatela, eta honek ez. Honetan ipuin oso ezberdinak “biltzen” ditut; aurrekoetan aldez aurretiko proiektu bat zegoen, trama berezi bat.

 

Gehien kostatu zaizuna ipuinak ordenatzea izan zela adierazi zenuen bildumaren aurkezpenean. Zergatik? Zein da, bada, jarraitzen duten ordena?

Ordenatzea bera baino, liburuaren azkeneko fasea izan da lan gehiena eman didana: erabakitzea zeintzuk ipuin sartu eta zeintzuk ez, zuzenketak eta egokitzapenak, atalen arteko orekak bilatzea, oreka horiek lortzeko falta zitzaizkidan ipuinak idaztea… Jarraitzen duten ordenari buruz, asmatuko nuen ala ez, baina irakurleak erabaki beharko du egitura horrek laguntzen dion. Edozein modutan ere, irakurleak derrigorrez jarraitu behar ez duenik… Ipuin bildumak, nobelak ez bezala, ez du irakurketa-ordena jakin bat ezartzen…

 

Euskal literatura, ipuin bildumak idazteko joera areagotu dela esan al daiteke?

Ez, nik kontrakoa esango nuke, nobelak aurrera egiten jarraitu duela gure artean, beste generoen presentzia erlatiboa zertxobait murriztuz. Beste literaturetan bezala, gutxi gora-behera; hori da nire inpresioa behintzat, oker egon daitekeena. Baina ipuinak eutsi egin dio gurean, eta hori da esanguratsua iruditzen zaidana, gure inguruko literaturekin konparatuta behintzat; nahiz eta onartu behar den, adibidez, espainiar ipuingintzak gora egin duela azken bi hamarraldietan. Gurean, zorionez, ipuin liburu oso onak argitaratzen jarraitzen dira, Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak edo Ana Malagonen Lasai, ez da ezer gertatzen bezalakoak.

 

Askok ezagutuko dute liburuaren azalean agertzen den eskultura, izan ere, gasteiztarron topaleku izan ohi da. Zergatik irudi hau?

Amelia Barquinek egindako argazkia ederra iruditu zitzaidan, eta ondo zegokiola izenburuak transmititu nahi lukeen ziurgabetasunari. Interpretazioak aske uzten ditu, eta hori dohain bat iruditzen zait azal baterako.

 

Inon ez, inoiz ez… zer?

“Nonahi, noiznahi” nekagarriegia iruditzen zitzaidan, funtsean. Eta  Melvilleren Bartlebyk ondo baino hobeto adierazi zuen bezala, “aukeran, nahiago ez”.

 

 

 

Argazkia: Albaro Anta

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago