Akaso, nahi barik bada ere, Herrialde Katalanetaraino egiten du jauzi gure buruak, bertan, oso errotuta dagoen tradizioak mugak gainditzen dituelako. Sant Jordi eguna ospatzen dute bertan eta ohiturari men eginez, lagunek, seme-alabek, bikoteek... arrosa batekin lagunduta liburu bat oparitzen diote elkarri.
Eta gurean, zer? Urrutira joan gabe, etxetik gertu ere hainbat ekimen antolatu ohi izan dira irakurzaletasuna bultzatzeko eta diziplina kulturala hedatzeko asmoarekin. Aurten, esaterako, bi ekimen nagusi azpimarratu beharra dago. Batetik, Euskaltzaleon Topaguneak antolatzen duen ‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoaren zortzigarren edizioa; eta, bestetik, Artium eta Montehermoso beste 48 zentro eta museoekin batera antolatutako liburu-askatzea edo, beste modu batean esanda, bookcrossing-a. Bi ekimenak gaur, hilak 23, abiatuko dira eta ekainaren 30era arte eta apirilaren 27ra arte luzatuko dira, hurrenez hurren.
Lehenengo ekimenari dagokionean, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi duen ‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ ekimena Euskal Herriko 42 herritan egongo da martxan. Araba, Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Maeztu, Urkabustaitz, Zigoitia eta Zuian abiatu dute ekimena.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa sinple bat bete beharko da. Ondoren, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25 ordaintzeko aukera izango dugu.
Bestetik, bookcrossing-ari dagokionez, orain zazpi urte abiatu zuen bakarka Artium museoak, eta, egun Estatu espainoleko 48 zentro zein museok hartzen duten parte, besteren artean, Montehermoso Kulturunea. Ekimen honi esker, hiriko parke, markesina, eraikin publiko… azken finean, edonon, aurkituko ditugu liburuak. Helburua da liburuak aurkitzen dituenak irakurketarekin goza dezan, eta irakurri ondoren aske utz dezan munduko beste leku batean. Askatutako liburu bakoitzak etiketa bat izango du non kanpaina honetan parte hartzeko arauak idatzita agertuko diren. Gainera www.bookcrossing.com web orrian erregistratuta egongo dira, horrela irakurleek ale bakoitza non jaso duten eta ondoren non askatu duten aipatu ahal izango dute.
Azkenik, Gasteizko Udalak Nazioarteko Liburuaren Egunaren baitan ‘Kafkaren aulkia’ ikuskizuna antolatu du Aldabe Gizarte Etxean. Andoni Egañak, Uxue Alberdik eta Anjel Lertxundik bertsoak, literatura eta musika uztartuko dituzte emanaldi honetan.
Apirilak 23 ditu gaur eta ezinbestean begirada gure apaletako liburuetara zuzendu beharra dago. Hautsez beteta batzuk, bart irekitako kuttun hori edota hamaikagarren aldiz zabaltzeko prest dauden horiek. Guzti-guztiek konpartitzen dute leku pribilegiatua etxean eta, momentu oro, daude gure zain, noiz hartuko ditugun zain. Gaur, Nazioarteko Liburuaren egun honetan olerkiak, eleberriak zein narrazioak dira protagonista.