Aguxtin Alkhat: “Letra pertsonal baita unibertsal landu batzuk ere kalitate oneko rock eta folk musika batekin uztartzen saiatzen gara”

hirinet 2014ko apirilaren 22a

Iaz ospatutako 'Uso pop' jaialdian entzun genuen Aguxtin Alkhaten izena estreinakoz. Bertan aurkeztu zuen sei kantuko 'Ihes egin' diskoa. Inahala hirukotearekin hasi bada ere musikagile-kantari gisa, heletarrak geroztik, ohidurazko eskema utzia du eta herrialde elektrikoagoen bisitatzera abiatua da bakarka.

 

Boz hauskorra baina beti trinkoarekin, testu aldi berean intimoak eta unibertsalak eta noizbehinka 70 urteetako US rock eszenara ekartzen gaituzten eraginekin. GEU elkarteak antolatuta gaur, hilak 22, Parral tabernan zuzenean arituko da.

 

 

Nortzuk zarete Aguxtin Alkhat?

Ez da biziki originala baina Aguxtin Alkhat, nire izen eta abizenak dira... Bakarka aritu izan ostean, eta proposatu zidatelarik diska bat egitea, musikari lagunez inguratu nintzen. Baxuan Xan Bidegain, baterian Felix Buff, gitarran Julien Labat eta ni, beraz, gitarra eta ahotsan. Eztabaidatu genuen pixka bat gure artean eta erabaki genuen nire izenean ateratzea diska, bada justu nire kantuak lantzen genituelako eta geroari begira, aldaketak balira talde barruan, kantu berekin segitzea ahalbidetzen zuelako... Gutxienez ez naute kanpo ezartzen ahalko! Jeje!

 

 

Uso Pop jaialdian eman zenuten ezagutzera zuen burua, ezta?

Ba egia esan, Usopop elkarteko kideen batzar batera gonbidatua izan nintzen duela bi urte, zenbait kantu eskaintzeko, eta beraz hara hurbildu ginen gitarra eta biok, emanaldi akustiko baten burutzera. Hortik guttira, Usopopekoek proposatu zidaten nire kantuak grabatzea, gero, bada aintzinetik esan bezala, Xan, Felix ta Julienekin elkartu eta nire kantu akustiko xumeak, talderako moldatu ditugu. Hasi nintzen gitarra akustikoarekin eta laster elektrikoaren pausua jauzi izan behar dut... Esperientzia aberasgarria da niretzat.

 

 

Zer eskaintzen digu taldeak?

Taldeak eskaintzen dautzue ordu bateko musika emanaldi intentso bat, nun nik uste, saiatzen garen,  letra pertsonal baita unibertsal landu batzuk ere kalitate oneko rock eta folk musika batekin uztartzen... Erran dezaket ondoan ditudan hauek esperientzia handiko musikariak direla eta gutxienez hauen ikustera etorri behar dela... Julienek ni bezalako gitarrista askori enbidia besterik ez du sorrarazten, hain da garbia, ona eta gainera umila gitarra eskutan... Horrelako gutxi daude Euskal Herrian... Besteak ez ditut aurkezterik, ezagutuko duzue segur aski Willis Drummond taldearekin daramaten lana eta eszenatokian duten kaña...

 

 

Zer aurkituko dugu Aguxtin Alkhaten zuzeneko emanaldietan?

Zenbait kantu eta lau lagun haien defendatzen...

 

 

Ba al du beste musikarien eraginik zuen musikak?

Seguraski bai... Pertsonalki asko entzun izan dut euskal kantua orokorrean, izan dadila folka, Laboa, Lete, Ordorika, Artola, Lertxundi, edota euskal rocka, Hertzainak, Kortatu, Itoiz, Negu Gorriak eta hemen gaindi ikusi ahal izan ditudan talde guziak... Bestalde, asko entzun ditut, Clapton, Ben Harper, Dire Straits, Nirvana bezalako talde eta jendeak...

 

Ez dakit hauek eragiten duten gure musikan, kantuak egiteko manera aski pertsonala dugu kantuegile guziek ere. Azkenean guk egiten duguna da folk mamia duen kantu bat rock moduan jolastu, nahasketa horrek du egiten gure soinua.

 

 

Ihes egin diskoan Heletarraren boz hauskorra testu intimoekin uztartzen da. Gehiago zehazterik?

Testuetan denetarik dago, intimoak seguraski baita inguruan pasatzen diren gertakari latzen berri emaiten dituzten kantuak. Orokorrean, gizarte gaietan eta gure historian oinarritzen naiz idazteko, baita ere batzutan neronen bizian.

 

 

Parral tabernako emanaldia ez galtzeko arrazoi bat?

Ez dugu ardura Gasteizera etortzeko ahala, beraz aukera ezin hobea da gure musika entzuteko!

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago