Izan ere, begiz jota duten tontorra Himalaian kokatua dago eta Baghirati III izena du. Mendi garai honek 6.454m ditu eta anaia gasteiztarrek duten asmoa 1.300m dituen mendebaldeko aurpegia eskalatzea da, beti ere eskalada librea burutuz.
Halaber, oraindik erabakitzeke dute pareta honetako zein bide hautatuko duten: “Estrella Imposible” (6c A3+ 60° zailtasunarekin) edota bestela bide berri bat irekitzea. Aipatu berri dugun lehen bidea Juan C. Aldeuger, Sergio Martinez, José L. Moreno eta Juan Thomás eskalatzaile katalanek ireki zuten 1984.urtean. Aukeratzen duten bidea aukeratzen dutela, Iker eta Enekoren helburua argia da, tontorrera lehenak iristea.
Modu honetan, 7-8 graduko zailtasuna baino gehiago duen tontor hau igotzeko estrategiari dagokionez, egunez egun mendiari metroak irabaztea izango da, uneoro paretan egonez eta hamaketan lo eginez. Estrategia honek handicap nabarmena du, izan ere, paretak berez duen zailtasunaz gain 70kg-ko petatea eraman beharko dute.
Ikerrek eta Enekok Nueva Delhi-n hasiko dute bizitzako erronka gisa definitu duten abentura zirraragarri hauxe eta bertatik, Gangroti izeneko herrialdera joango dira, Gharwal-en oinetan kokaturik, segidan kanpaleku nagusira igotzeko (4500m). Hilabeteko epea izango dute proiektu hau burutzeko, ekainaren hasieran itzuliko baitira.
Abentura honetan, bi anaiek urte hauetan guztietan eskuratutako esperientziaz baliatu beharko dira arrakasta eskuratzeko eta, bereziki, Himalaian izan zutena erabili. Izan ere, hau ez da lehen aldia Himalaia zapaltzen dutela; orain dela 15 urte, Baghirati III mendiaren paretan ibili ziren; eta 2005. urtean, Gran Torre de Trango (“Pou Brothers” aldaera, 8 A) igotzea eskuratu zuten “Zazpi pareta, Zazpi kontinente” izeneko proiektuaren baitan.
Prentsa internazionalean ikusmina eta zirrara eragin du gasteiztar hauen proiektuak, eta guk ere Hirinet-etik zorterik onena opa diegu.
Egilea: Mikel Villarrolain
Argazkia: “Estrella imposible”. Alpinesketches.com