Hiriko merkataritzari bultzada emateko xedearekin jaio da Gasteiz Merkataritza Bizirik elkartea

hirinet 2014ko apirilaren 11

Gasteizko merkataritza bizirik dago. Horren adierazle da jaio berri den Gasteiz Merkataritza Bizirik elkartea, hiriko hainbat merkatarien kezkatik sortua.

 

“Gasteizko merkataritza geldirik zegoen eta egoera aldatzeko beharra ikusi genuen”, azaldu du Jon Gotzon Laburuk, Gasteiz Merkataritza Bizirik elkarteko sortzaileetako batek. “Gure helburu bakarra Gasteizko merkatari txikiak zein merkataritza alorreko enpresari eta ekintzaileak defendatzea eta merkataritza bultzatzea da”, gaineratu du. Horregatik, elkarlana sustatu eta indarrak batu dituzte eta momentuz, 300 merkatari eta enpresa inguruk interesa agertu dute. “Arrakasta bikaina izan da. Etengabe ari dira deitzen, informazioa eskatzeko eta elkartean izena emateko. Oso pozik gaude”, dio elkarteko kideak. Izan ere, elkarteko kide izateko kuotarik ez ordaintzea da elkartearen oinarrietako bat, baita diru-laguntzarik ez jasotzea ere. “Ez dugu inoren menpe egon nahi; gure xede bakarra merkataritza mugitzea da, hots, jendea mugitzea”, argitu du Laburuk.

 

Merkataritza kalera ateratzeko lan horretan ekintza zuzenak egiten hasi dira. “Ez bakarrik erdigunean, auzo ezberdinetan ere ekintzak egingo ditugu”, argitu du Laburuk. Gasteiz Merkataritza Bizirik 2014ko otsailean sortu bazen ere, berehala ekin zion lanari. Horrela, gutxira hainbat merkatarik outlet bat egin zuten Foru kalean. Aurreko astean elkartearen aurkezpen ofizialaren txanda heldu zen eta Larrrabeako golf zelaian denboraldi berria aurkezteko desfilea antolatu zuen. Bertan, 20 merkatari eta enpresari inguruk parte hartu zuten. Datorren asteburuan, apirilaren 12an eta 13an, denboraldi berria aurkezteko azoka egingo dute Canciller Ayala hotelean. “Areto bat alokatu dugu eta bertan egongo diren komertzioen artean ordainduko dugu. Orain arte, dirutza bat ordaintzen genuen beste azoketan parte hartzeagatik eta oraingo honetan, egindako kudeaketa dela eta, askoz gutxiago ordainduko dugu. Soilik alokairua”, azaldu du.

 

Horrez gain, elkarte berriaren kide ekintzaile hauek Gasteizko merkataritzaren alde lan egiten duten eragileak saritu nahian, sari banaketa bat antolatu dute. Kasu gehienetan, merkataritzari mesede egiten dioten pertsonak goraipatuko dituzte baina merkataritza lokala oztopatzen duenak ere saria jasoko du. Izan ere, norbaitek Falso y Cortez saria jasoko du maiatzean izango den galan. Emakume enpresaria merkataritza munduan, Merkataritza babesten duen elkartea edo pertsona edo Euskara Maitalea dira, besteak beste, banatuko dituzten beste sariak. Azken honek bere komertzioan euskararen alde lan egiten duen merkataria sarituko du.

 

 

Informazio gehiago: Gasteiz Merkataritza Bizirik Facebook-en

945 20 20 22945 20 20 22 edo 605 71 70 90605 71 70 90

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago