Irune Lujanbio, Afaniseko kidea: “Udan ume saharar bat hartzeko baldintza bakarra borondatea izatea da, gastu ekonomikoa minimoa baita”

hirinet 2014ko apirilaren 10a

Irune Lujanbio Ume Sahararrak Hartzen dituzten familien elkarteko (Afanis) kidea da eta iaz lehen aldiz parte hartu zuen elkarteak kudeatutako ‘Oporrak bakean’ programan.

 

Bi hilabetez 10 urteko Sabah neska sahararra hartu zuen bere etxean. Aurten esperientzia errepikatuko du, “aberasgarria eta oso polita” izan zelako. Aurten 52 ume ekarriko dituzte Arabara baina oraindik familien bila dabil Afanis elkartea.

 

Zertan datza ‘Oporrak bakean’ programa?

 

Programa honen bitartez, 7 eta 12 urte bitarteko ume sahararrei udako bi hilabeteak Araban pasatzeko aukera ematen zaie. Horretarako, Arabako familiek euren etxeetan hartzen dituzte. Urtean bi hilabetez baldin bada, adin-tarte garrantzitsu horretan dauden haur horiek Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetatik irten daitezen lortu nahi du Afanis elkarteak, elikadura egokia izan dezaten, osasun azterketak egin diezazkieten, finean, urteari osasun egoera onean aurre egin diezaioten. Elkarteak bidaiaren gastuak zein beharrezkoak diren tramite guztiak bere gain hartzen ditu. Horrela, denbora tarte honetan, ume hauek medikura eraman behar dira, analisiak egitera, dentistara (ahoa nahiko txarto izaten dutelako) eta okulistara. Horrez gain, gure betebeharra, familia bezala, azken finean umea ondo pasatzea da.  

 

 

Zer ematen die ume hauei hemen bi hilabete igarotzeak?

 

Gauza asko. Hona etortzen dira eta adibidez parkeak ikusten dituzte lehen aldiz. Eta igerilekua ikusten dutenean harrigarria da. Horrez gain, osasunari dagokionez, esaterako, asko betaurrekoekin joaten dira etxera. Urtean zehar jaten ez dituzten elikagaiak jateko aukera dute, besteak beste, haragia, fruta edo arraina. Kontuan hartu behar dugu, ume sahararrak Argeliako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi direla. Ez dira basamortuan bizi, hamada deitutako lekuan baizik, non harea egon beharrean, harria dagoen. Bertan haimetan bizi dira eta eskolara joatean dira. Hilean behin Acnurrek banatzen dizkie elikagaiak eta normalean, arroza eta irina bezalako jakiak hartzen dituzte. Hortaz, ume hauek ez dute ez frutarik, ez haragirik jaten. Horrez gain, han udan 50 gradu egiten ditu, oso egoera gogorrean bizi direla esan daiteke.

 

Eta umeen erantzuna zein izaten da? Pozik etortzen dira?

Ume hauek ez dira hemengo umeak bezala. Daukaten borondatea harrigarria da, oso eskuzabalak dira eta dena elkarbanatzen dute. Zerbait erosten badiezu, jan baino lehen elkarbanatzen dute.  Oso pozik egoten dira. Baina egia da ere bi hilabeteak pasatzean etxera bueltatzeko gogo handiak izaten dituztela, gurasoei eta familiari denbora tarte horretan bizi izan dutena kontatzeko irrikan daudelako.

 

Eta zure familiarentzat, esaterako,  zer suposatu zuen ume bat udan hartzeak?

 

Izugarria izan zen. Azken finean, familia osoa inplikatzen da, aitona-amonak, izeba-osabak… guretzat oso aberasgarria izan da eta asko ikasi dugu. Seme-alabak dituzten familientzat ere oso esperientzia polita izaten da. Behin eta berriz errepikatzen dut polita hitza, baina horrela da.

 

 

Nori dago zuzenduta programa hau, hots, zer baldintza bete behar ditu familia batek ume bat hartzeko?

Ez dago baldintzarik. Gauza bakarra nahi izatea da, hohts, borondatea izatea. Hau da, etxean planteatu eta laguntzeko prest egotea. Azken finean, laguntzea besterik ez da. Eta asko gainera. Proiektua oso polita da. Ume hauek harrigarriak dira eta euren gurasoentzat ere oso aukera ona da eta pozik daude hona etortzeko aukera dutelako.

 

 

 

Krisi garaian, zailagoa al da umeak hartzeko prest dauden familiak topatzea?

 

Egia da aurten gehiago kostatzen ari zaigula familiak aurkitzea, baina nik uste dut arazoa ez dela krisia. Nire aburuz, familiek ez dakite gastu orokorrak Afanisek ordaintzen dituela eta horregatik garrantzitsua da hau nabarmentzea. Bidaia-gastuak, medikuak, betaurrekoak, enpasteak, etab. elkarteak ordaintzen ditu. Horrez gain, igerilekura joateko txartela ere dohainik ematen diete umeei (Mendizorrotza, Estadioa, herrietako igerilekuak…). Hortaz, horrelako ume bat ekartzeak ez du gastu handia suposatzen eta etxeko ekonomian ez da gehiegi  nabaritzen.

Hortaz, hemendik familia arabarrak animatu nahi ditugu. Aurten 52 ume ekarri nahi ditugu eta oraindik bost familia inguru falta zaizkigu.

 

 

 

 

Informazioa gehiago: Afanis elkarteko Facebook-a

 

650 13 4011650 13 4011650 13 4011 / 945 27 70 45945 27 70 45  edo afanisalava@gmail.com

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago