Ezagutza
Ezagutzari dagokionez, Araban 5-19 urte bitarteko ume eta gazteen bi heren baino gehiago euskaldunak dira gaur egun. Hortaz, oso gazteak dira arabar euskaldun gehienak. Adinean gora egin ahala, jaitsiz doa euskaldunen ehunekoa.
Arabako sei eskualdeetan (Aiaraldea, Añana, Arabako Errioxa, Arabako Lautada, Gorbeialdea eta Mendialdea) euskaldunon kopuruak gora egin du azken 10 urteetan eta nabarmentzekoa da Añanan, Arabako Errioxan eta Mendialdean eman den gorakada. Izan ere, ia bikoiztu egin da euskaldunon kopurua aipatu hiru eskualdeetan. Horrela, 1981eko datuekin alderatuz, 30 urte hauetan arabar asko euskaldundu dira, umeak eta gazteak batez ere.

Euskaldunak eskualdearen arabera.
Gasteizek lurraldearen antzeko egoera du. Hiritarren % 21,5 dira euskaldunak (48.619 pertsona), % 19,6 euskaldun hartzaileak eta % 58,9 erdaldunak. Adinari dagokionez, Gasteizko euskaldunak oso gazteak dira. Horrela, 5-19 urte bitarteko gazteen bi heren euskaldunak dira (% 66,1). Era berean, 20-34 urte bitartekoen artean ere euskaldunen ehunekoa nahiko handia da (% 29,5). Adin horretatik aurrera jaisten doa nabarmen.
Lehen hizkuntza
Araban % 87,9k jaso du gaztelania soilik etxean, aldiz, % 3,9k euskara soilik. Gainontzeko arabarrek euskara eta gaztelania dituzte lehen hizkuntza. Azken hamarkadako atzerritarren immigrazioa dela-eta, gero eta biztanle gehiagok euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat jaso du etxean, izan ere, Araban gehiago dira etxean euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat jaso dutenak euskara soilik jaso dutenak baino (% 5 versus % 3,9).
Adinari dagokionez, gure lurraldean lehen hizkuntza euskara soilik dutenen ehunekorik handiena gazteenek dute (% 7,7). Horrekin batera, gero eta gehiago dira euskara eta gaztelania batera jasotzen dituzten arabarrak. Bestalde, Araban 45 urte baino gutxiagokoei dagokienez, aipagarria da atzerriko hizkuntzek duten ehunekoa, bereziki 25-29 urte dituztenen artean (% 10).
Araban euskaldun gehienak euskaldun berriak dira (% 74,8). Lau euskaldunetatik hiru baino gehiago euskaldun berriak dira Gasteizen.

Euskararen erabilera etxean
Araban % 2,7k erabiltzen du euskara etxean beti edo ia beti, eta % 3,8k euskara eta gaztelania. Eskualdeka, Gorbeialdea eskualdean izan ezik, Arabako eskualde guztietan, euskara beti edo ia beti erabiltzen dutenen portzentajea % 3koa edo txikiagoa da, eta euskara eta gaztelania erabiltzen dutenena % 5ekoa edo txikiagoa.
Gasteizko etxeetan ere gehien erabiltzen den hizkuntza gaztelania da (% 91,2).

EAEko herritarren %36,4 euskalduna da
EAEko datuei erreparatuz, herritarren % 36,4k badaki ongi euskaraz, eta duela 30 urte % 22k bakarrik. Aldi berean, duela 30 urte herritarren 2/3 ziren euskaraz tutik ere ez zekitenak, eta gaur egun % 44 dira erdaldun hutsak. 20 urtetik beherako herritarren artean %70 baino gehiago dira euskaldunak.
Hamar euskaldunetik ia sei (% 57,8) euskaldun zaharrak dira, etxean jaso dute euskara (euskara bakarrik edo euskara eta gaztelania). Beste lau pasatxo (% 42,2) euskaldun berriak dira. Baina 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (% 58) euskaldun berriak dira. Eta euskaldun berrien erdia (% 49,3) EAEko sei udalerri handienetan bizi da (Bilbo, Gasteiz, Donostia, Getxo, Irun eta Barakaldo).
Etxeko erabilerak, ordea, puntu bat behera egin du azken hogei urteotan: % 20,8 dira etxean euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dutenak (erabilera orokorrean % 20 dira), eta % 21,8 ziren 1991n.
*Oharra: Bost urtetik behin egiten den azterketa honek, 2011ko Biztanleria eta Etxebizitzen Zentsuan bildutako datuak ditu oinarritzat eta EAE-ko bost urte edo gehiagoko biztanleria hartzen du aintzat. Datu hauek EUSTAT-ek jasotzen ditu eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ustiatzen ditu.
Informazio gehiago: V.mapa soziolinguistikoa
