Audience: "Taldearen sormen sasoiaren adierazle da Big Affair disko berria"

hirinet 2014ko apirilaren 9a

2013 urte emankorra izan da Audience taldearentzat. Lehendabizi, Mistress Games bilduma kaleratu zuten eta ondoren 11 abestidun Big Affair bilduma, non John Agnello ekoizlearekin lan egiten duten. Datorren apirilaren 12an, larunbatean, Jimmy Jazz aretoan zuzenekoa eskainiko dute gernikarrek.

 

 

2013 urtea emankorra oso izan da zuentzat, izan ere, bi dira kaleratu dituzuen lanak.  Nola bizi izan duzue urte oparo hau?

Bidean sortu diren aukerek bihurtu dute urte hau horren emankorra. Hasieratik hartu genuen erabakia atal ezberdinetan kaleratuko genuela lana, nolabait zaleak bide hori gurekin batera egin zezan edo…

 

Lehendabizi, Big Affair honen aurrerakina izan zen Mistress Games EPa. Zer aurkeztu zenuten orduan?

Mistress Games formatu ertaineko lana dela esaten dugu… Guztira zazpi abesti dira, beraz EPa izateko luzeegia da eta LPra ez da iristen. Berezitasun nagusia, euskarri ezberdinetan aurkeztu dugula da, hau da, guztia entzuteko biniloa, CDa eta gure web orritik kode bidez jaitsitako abestia behar dituzu. Musika industria noraezean dabilen momentu honetan formatu bakoitzaren balorea adierazi nahi izan dugu.

 

Ondoren, 2013ko azaroan 11 abestidun bilduma Big Affair etorri zen. Nolakoa da batetik bestera doan bidea?

Ba bide hori txikitik handira doana da, Mistress Games andereñoaren jolasetatik, Big Affair gai potoloetara edo... euskarri jokotik formatu tradizionalera. Lanen izenen bigarren zentzua bilatuz konplizitate puntu bat badela ere nabaria da... dena ez da hasiera baten dirudiena.

 

Lehen aldiz, beste norbaiten esku utzi duzue diskoaren ekoizpena, izan ere, John Agnellorekin lan egin duzue. Nolakoa izan da berarekin lan egitea?

Hau izan da bidean suertatutako aukera potoloetariko bat. Hasiera batetan, gure ibilbidea ikusita, norbaitek esan lezake gure musika ekoizteko Agnello ez dela egokiena... Guk ez genuen zalantzarik izan ordea. Esperientzia horretan sor zitezkeen ekarpen erraldoiak aurreikusi genituen eta inoiz ez bezala utzi genuen grabazioaren zuzendaritza ekoizle baten eskutan.

 

Non nabaritzen da, bada, Agnelloren eskua?

Joan aurretik ahotsen eta ‘zaraten’ tratamenduen inguruan asko ikas genezakeela ohartu ginen. Emaitza ikusita, Big Affair beste diskoekin alderatuz gero nabari daitekeena gu ohituta ez gauden ‘handitasuna’ da. Ekoizpena gure esku hartzen dugunean txikiagorako joera dugu. Ez dira antza Estatu Batuetan txikitasun horren lagun, eta batzuetan bertigoa eman badigu ere, erabakiak hartzeko momentuetan Agnello-ri gauzak bere ikuspuntutik planteatzen utzi diogu behin eta berriro.

 

Lehen aldia ere Euskal Herritik kanpo disko bat grabatzen zenutela. Nolakoa izan da esperientzia?

Gure 14 urtetako ibilbidean Euskal Herrian izan ditugun grabazio esperientziak goi mailakoak izan dira beti. Hau harrotasunez esan dezakegu, beti saiatu izan baikara kaleratzen duguna asko zaintzen, batzuetan gu bezalako talde bati ez dagozkion baliabideak erabiliz.

Imajina zer den bat-batean zure burua zazpi Grammy irabazi dituen Hobokeneko estudio batean kokatzea, eta hango merkatuan esperientzia handidun lan-talde batekin eskuz-esku lanean aritzea! Gure konplexuekin heldu ginen baina berehala egokitu ginen. John hurbiltzen ondo dakien pertsona da eta gugandik onena ateratzen jakin duenaren ideiarekin etorri gara bueltan.

 

Zertaz hitz egiten duzue Big Affair honetan?

Audience-n momentuko sormen sasoiaren adierazle da Big Affair. Zentzu horretan ez da lan kontzeptual bat edo. Kantu bilduma bat dela esan daiteke. Bilduma horretan tratatzen diren gaiak beraz anitzak dira, letrei ematen diegun ohiko ukituarekin.

 

Bildumako bi kanta euskarazkoak dira. Naturala ala bilatutako zerbait al da?

Ez dakit naturala edo bilatutakoa den edo ingelesez egiten dugunean ere naturala edo bilatutakoa den. Gu euskaldunak gara eta taldearen jarduera ere horrela da. Nik uste dut erosoen sentitzen garen eran irteten direla gauzak, eta oraingoan bi izan dira euskarazko kantak. Egia da 2013an, Mistress Games- Big Affair aparte, euskararekin zerikusia duten proiektuetan ere hartu dugula parte (‘Euskera Jendea’ dokumentalaren sintonia edo ‘Bakarrik eta Libre’ Imanol Urbietaren kantuekin diskoa)… horrek joera bat markatzen badu, euskarak gure lanetan gero eta presentzia handiagoa izango duela esan genezake.

 

CDan ez ezik, Big Affair biniloan entzuteko aukera eman diezue zuen jarraitzaileei. Zergatik?

Euskarrien inguruko eztabaida nabaria da gaur egun. Teknologia digitalak eraldatu egin ditu entzuleen ohiturak; orain Neil Young berak bultzatzen duen Pono formatu berria ere badatorkigu 24bitetan…

Egia esan ni neu ez naiz gai binilo bat eta CD bat ezberdintzeko (behin baino gehiagotan sinkronizatu ditut nire ekipoan bi formatuak). Dena den guretzat lan nagusiak direnetan, bi aukerak eskaini nahi izaten ditugu. Maila pertsonalagoan, binilo bat eskutan duzunean zerbait ‘bakarra’ duzunaren sentsazioa datorkit, nobleagoa edo.

 

Besteak beste, Mondo Sonorok Big Affair 2013ko euskal disko onena izendatu du. Baina, publikoak zer dio?

Publikoak ere berbera dio kar, kar! Oro har zirkuitu txiki batetan mugitzen gara gu, eta gure salmentak ez dira harrigarriak izaten. Aitzakia bezala edo, gure salmentak kopuruz handiak ez diren arren, kalitatez handiak badirela esan ohi dugu, gure publikoaren kalitate maila kontutan hartuz. Erdi txantxetan esaten badugu ere, parte handi baten egia badela uste dut.

 

Gasteizen egon zineten azken aldian Amerikanuak ikuskizuna eskaini zenuten. Oraingoan, ia bi urte pasa direnean, Audience ezberdin bat ikusiko al dugu Jimmy Jazz aretoko taulan?

Oso ezberdina izango da Jimmy Jazz-en egingo duguna. ‘Amerikanuak’-ek bazituen bere formak, erritmoak… musika eta irudien lotura zuzen-zuzenera behartzen gintuen ikuskizunak eta Audience eta Amerikanuak gauza bera bihurtu ziren urte eta erdiz. Bira hartako ikasketak oraingo kontzertura ere ekarri ditugu, baina errepertorioa askoz zabalagoa da, gure sei lan luzeetako kantekin. Bukaera gabeko bilaketa batetako ariketak dira gure kontzertuak… formazio etengabean mugarri txikiak.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago