Suarez Geltokia: Ezjakintasuna, asmo txarra ala kalkulatutako polemika?

hirinet 2014ko api. 1a, 10:21

Gure alkate estimatuak aho-zabalik utzi gaitu berriro beste ideia xelebre batekin. Oraingo honetan “Adolfo Suarez” izena jarri nahi dio autobus geltoki berriari.

 

Halaxe jakinarazi ziguten pasa den larunbatean,  tirada handiko egunkari ezagun baten azalean agertutako izenburu baten bidez. Polemika berehala zabaldu zen bai Interneten bai kalean, eta nire ingurunean behintzat oso zaila suertatu zait erabaki horren alde dagoen inor aurkitzea. Egia esan, ez dut inor aurkitu, baina horrek ez du esan nahi inor ez dagoenik. Norbera bere unibertso propioan bizi da, eta unibertso txiki hori antzeko gustu eta iritziak dituzten norbanakoez betetzeko joera izan ohi dugu. Garrantzitsua da honetaz kontziente izatea, batez ere politikan, gure inguruneko gustu eta iritziak gehiengoarenekin ez nahasteko.

 

 

Hortxe egon zitekeen polemika honen abiapuntu posible bat. Gure alkate estimatuak eta bere inguruan dituen aholkulariek haien unibertsoan zabalduta dauden gustu eta iritziak -Adolfo Suarezenganako miresmena eta esker onak hain zuzen- Unibertso osoan zabalduak eta partekatuak diren gustu eta iritziekin identifikatuko zituzten. Antzeko zerbait gertatu zitzaion duela hilabete batzuk, orduan martxan jarri zuten web orrian haren unibertso txikian dagoen Gasteizko irudia (irreala nire aburuz) islatu zuenean. Beste behin ere akats bera errepikatuko zuen Javier Marotok. Bere errealitatearen pertzepzio osagabea eta partziala agerian geratuko litzatekeen berriro, kalearekin edo bere unibertsotik kanpoko errealitatearekin kontaktu gutxi izango balu bezala.

 

 

Horrela izatekotan, eta Gasteizko agintari nagusia izanik, kezkatzekoa litzateke. Baina horrela ez izatekotan (hau da, Maroto jauna bere unibertsotik at zer dagoenaz kontziente balitz) askoz larriagoa izango litzateke hau guztia, autobus geltokirako izen proposamena asmo txarraz egindakoa izango litzatekeelako. Gasteizko arlo sozial zabal batek proposamena nola hartuko lukeen kontziente izango balitz, alkatearen jarrera zuhurtziagabea litzateke, batez ere Martxoak 3ko biktimekiko, ez baitu begirune minimorik izan biktima hauek urtetan zehar pairatutako minarekin, ezta egindako oroimen, egia eta justizia aldarrikapenekin ere, Adolfo Suarezengana ailegatzen direnak. Bere unibertso propiotik, Maroto jaunak pertsona hauen unibertsoa ere ikus dezake, baina haien gustuak, iritziak eta sentimenduak oso urrun omen daude alkatearengandik bere kalkulu politikoetan aintzat hartzekoak izateko.

 

 

Baina badago aipatu nahiko nukeen hirugarren posibilitate bat. Demagun Javier Maroto jauna bere unibertso propiotik at zer dagoenaz kontziente dela, eta ez hori bakarrik, gainerako unibertsoetako gustuak, iritziak eta sentimenduak ere aintzat hartu dituela haren kalkulu politikoetan. Demagun polemika hau kalkulatuta dagoela bazterrak nahasteko, zarata nahiko sortzeko gure unibertsotxoetatik bere unibertso txikian dagoenaz ez jabetzeko. Demagun, esaterako, pasa den astean zerbait larria edo garrantzitsua gertatua dela ikerketa batzorde batean, ustelkeriak eta kudeaketa txarrak izan behar dituzten ondorio politikoak jorratu dituena. Kasu hau ere kezkatzekoa litzateke oso. Lehenik, jokaldia ondo aterako zitzaiolako, ziria sartu digularik. Eta bigarrenik, alkatearen eskrupulu eza uste baino haratago joango zelako, prest azalduko zelarik Martxoak 3ko biktimak edota memoria historikoa aldarrikatzen dugunok ez ezik (hau aurresuposatua dago), Partido Popularrak eta erregimenaren gainerako alderdi politiko nagusiek idatzi nahi duten errelatoaren pertsona nagusienetakoa ere iraintzeko.

 

 

Dena den, Gasteizen “trilero” jokoetara ohituta gaude dagoeneko, batez ere udal politikagintzan, eta tamalez aipatutako hiru eszenatoki hauek oso posibleak dira sortutako polemika artifizial eta ez beharrezko hau azaltzeko. Gasteizen inoiz egon ez den pertsona baten izenak sortutako polemika, ustez hura goraipatzeko, pertsona horrek gasteiztar askoren aburuz goraipatzeko ezer ez badu ere, besteak beste Zaramaga auzoan duela 38 urte gertatutakoa. Polemika honek alkatetzan dugun pertsona eta inguratzen duen taldearen gabeziak azalarazten ditu. Polemika honek ahanzturaren aurka borrokatzen, memoria aldarrikatzen eta hiriko VIP gune eskas eta murritzetatik kanpo bizirauten duen Gasteiz langile eta herrikoia mespretxatzen du. Ez dakit Gasteiz hori gehiengoaren Gasteiz izango den, baina zinez konbentzituta nago Gasteizko arlo sozial hori zabala dela, eta gasteiztar askok geure unibertso propioa bertan errotuta daukagula.

 

 

Egilea: Rikardo Otxoa  @TuXuRi

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide