Urtero, abuztuaren 5etik aurrera blusak eta abarkak jantzi eta hiria girotzen aritzen dira 9ra arte txaranga eta antolatzen dituzten ekintzekin.
Pasaden urtean koadrila berri batek hartu zuen parte jaietan: Gasteizko Margolariak. Araiz Zarain, koadrilako neska batek, koadrila berri hau aurkeztu digu eta bere bizipenen berri eman digu emakume, euskaldun eta blusa koadrila baten kide bezala.
Nola da koadrila berri baten parte izatea?
Ez dago desberdintasunik, koadrila berriek edo zaharragoek jaietan ekintzak antolatzen baitituzte, eta guztiek musikaz eta lagunez inguraturik egun alaiak pasatu nahi baitute.
Zergatik aukeratu zenuen “Gasteizko Margolariak” koadrila?
Lagun baten bidez koadrila sortu zuena ezagutu nuelako eta berak buruan zeuzkan ideiak kontatu bitartean, konbentzitu ninduelako. Proiektua ilusioez beteta dago.
Nik horrela sartu naizen arren, ez da beharrezkoa norbait ezagutzea, edonor sar daiteke barrutik jaiak disfrutatzeko.
Nabari duzu emakume-gizon desberdinketa hori?
Baliteke lehen koadrila baten partehartzailea izatea gizonen kontua izatea. Orain, berriz, argi eta garbi dago emakumeak “paseiloan” (aurkezpen paseoan) ikustea ez dela bitxia, hain zuzen ere, gero eta emakume gehiago ikusten dira. Gizonek ala emakumeek jaiak era berean disfrutatu ditzaketela uste dut.
Nola bizitzen dituzu “La Blanca” jaietarako aurreko egunak?
Oso urduri, urte bat Zeledonen jaitsiera itxaroten daramagu. Eta orain arropa apaintzen hasi gara dena prest egon dadin.
Nola deskribatuko zenituzke koadrila baten parte izateko sentimendua eta honekin bizi izaten dituzun bizipenak?
Ez da gauza bera jaiak barrutik edo kanpotik bizitzea. Kanpotik bizitzen dutenak batez ere gauez ateratzen dira. Guk, aldiz, lagunekin kalean egun osoa pasatzen dugu dantzatzen eta barre egiten. Lagun berriak egiten dira, eta ez bakarrik koadrilan barne, beste koadriletan ere egiten dira, harremanak oso onak eta dibertigarriak dira, beti txantxak egiten. Nik edonori gomendatzen diot, izugarrizko bizipena baita.
Euskara egiten da koadriletako blusen eta nesken artean?
Nahi baduzu bai, Gasteizen jende askok daki euskaraz, baina gehienei lotsa ematen die euskaraz mintzateak. Beraz, euskaraz hitz egiten has gaitezen eta besteek jarraituko gaituzte. Guk nahi dugu gure koadrilaren osagai bat euskara izatea.
Gasteizko jaiak euskaraz bizi daitezke?
Bai noski, jaiak euskal kulturaz osatuta daude eta hamaika ekintza euskaraz antolatzen dira: bertso saioak, euskal dantzak, herri kirolak, kontzertuak, euskaraokea...
Nondik dator koadrila berri hau sortzeko ideia?
Lagun talde barnean sortu zen. Blusa koadrilak gustoko ditugu eta batzuk koadrila batean egon ginen, baina jaietan atera baino zeozer gehiago egiten zuen koadrila bat interesatzen zitzaigun, ekintza kulturaletan parte hartuko zuenetako bat. Gainera, jaietan egiten ditugun lagunak urtean zehar ia-ia ez ditugu ikusten eta azkenean harreman hori galtzen da. Hori dela eta, hiru hilabetetik behin ekintza bat antolatu nahi dugu lagunak mantentzeko eta kultura eta kirola sustatzeko.
Zergatik “Gasteizko Margolariak”?
Gure izenean Gasteizko auzo bat islatzen da, Arabako Margolari askoren izenak dituena, hau da San Martin. Ildo horretan kultur elkarte bezala jaio ginen. Bestetik, hiriko auzoak ordezkatu nahi ditugu, hiriaren funtsa dira eta.
Zer nolako prestakuntzak burutzen dituzu jaietarako?
Denetarik egin behar da: jatetxeak bilatu, menua aukeratu, babesleak lortu, erosketak egin, ekintzak eta jolasak antolatu, programazoia egin, bilerak prestatu, web orria eta sare sozialak eguneratu...
Nola ikusten dituzu jaiak? Zer espero duzu?
Ilusio eta gogo askorekin, azken hilabeteotan lanez gainezka ibili garenez, jendeak jaietaz gozatzen ikusi nahi dugu. Dena ondo ateratzea eta jendeak egun gehiago nahi izatea espero dugu.
Badaukazue ekintzarik prestatuta?
Aurten, jaietan hiru ekintza antolatuko ditugu. Abuztuaren 7an gauez karaoke bat egingo dugu. Hurrengo egunean, 8an goizez, haurrentzat margo tailer bat eta arratsaldez txaranga lehiaketa bat burutuko ditugu. Horrez gain, arratsaldero eta gauero hainbat jolas egingo ditugu. Esate baterako, bingo bat, herri kirolak edo txapeldunen liga.
“La Blanca” jaien ondoren zer egiten du koadrila batek?
Hainbat ekintza eta irteera antolatzen ditugu urtean zehar elkartzeko. Adibidez, sagardotegirako eta upeltegirako irteerak eta gabonetako afaria egiten ditugu eta Gasteizko Batailaren lasterketan parte hartzen dugu.
Pasa den urteko anekdotarik?
Iaz zezen plaza joatean, paseiloan, bapatean furgoneta gelditu zen, eta denon artean bultzatu behar izan genuen aurrera jarraitzeko. Guk apurtuta zegoela uste genuen eta itzulia nola egingo genukeen pentsatzen hasi ginen, oso kezkatuta geunden egia esan. Baina plazara heldu orduko txorakeria bat zela konturatu ginen eta lasaitu ginenez, egunaz gozatu ahal izan genuen.