Autobus geltoki berria Adolfo Suarez deitzeko erabakia kritika ugari jasotzen ari da

hirinet 2014ko mar. 31a, 10:12

Autobus geltoki berriaren Adolfo Suarez izango dela jakinarazi zuen Gasteizko Udalak pasa den larunbatean.

 

Javier Maroto alkatearen erabaki honek kritika ugari eragin ditu. Izan ere, hiritarrek sare sozialek erabili dituzte erabaki honen kontrako iritzia azaltzeko eta dagoeneko Euskaltzaindia plazan eraikitzen ari diren autobus geltokiari Martxoak 3 deitzeko sinadura bilketa martxan jarri dute Change.org web gunean. Momentuz, 4.8000 sinadura inguru bildu ditu plataforma honek.

 

Martxoak 3 elkarteak bere ezinegona adierazi du prentsa ohar baten bidez eta Adolfo Suarezek  Gasteizen ez duela inolako omenaldirik merezi azaldu du eta “probokaziotzat” jo du udalaren erabakia. Elkartearen esanetan, martxoan 3an hirian gertatu zenaren arduradun politikoa da Adolfo Suarez eta egun Argentinan zabalik dagoen ikerketan auzitara eramatea eskatu ez badute, “hilda dagoelako da”. Horrez gain, Javier Maroto alkatearen “hipokrisia” salatu du Martxoak 3 elkarteak, martxoaren 3an biktimen omenaldian parte hartu ostean, sarraski hura agindu zutenak goresten baititu, “hauen zigorgabetasuna bermatuz”.

 

Horrekin batera, udalaren oposizioak alkatearen erabaki hau gogor kritikatu du eta EAJ, PSE eta EH Bildu taldeak autobus geltoki berria Adolfo Suarez deitzeko erabakiaren aurka agertu dira.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide