Torturak salatu zuten lau gazteren kontrako epaiketa hastear da

hirinet 2014ko martxoaren 26a

Datorren astelehenean, martxoak 31, hasiko da Koldo Moreno, Xabier Fernandez de Gamarra, Federico Lomas eta Aitor Juarez gasteiztarren kontrako epaiketa. Madrilgo Auzitegi Nazionalean ospatuko den epaiketa apirilaren 2ra arte luzatuko da.

Lau gazteei SEGI gazte antolakundeko kide izatea, desordena publikoak eta kale-borrokako ekintzetan parte hartzea leporatzen zaie. Orotara, 48 urteko espetxe-zigorra eskatzen ditu fiskaltzak laurontzako.

 

Gasteizko Harresiak egindako agerraldi masiboan gogoratu dutenez, akusazioaren oinarria inkomunikazio aldian poliziaren nazionalaren aurrean sinatutako adierazpenak dira. Beste behin ere, “epaiketa faltsu” baten aurrean gaudela salatu dute, baita “2007an atxilotu zituztenean inkomunikazioa aplikatu izan ez balitz, seguruenik gaur egun ez litzateke epaiketarik izango” adierazi ere. Gasteizko Harresiaren ustetan, “epaiketa honek agerian uzten du Estatu espainolak inkomunikazioa eta tortura erabili dituela azken hamarkadetan euskal herritarrak inputatu eta espetxeratzeko”. Agerraldian tortura beraien azaletan pairatu duten beste hainbat gasteiztar ere izan dira. 

 

Agerraldian parte hartu duten eragileek, norbanakoek zein tortura pairatutako lagunek larunbat honetan, hilak 29, Gasteizko Harresiak deitu duen manifestazioarekin bat egin dute. Mobilizazioa 19.00etan hasiko da Artium museo paretik ‘Epaiketak eten! Torturarik ez!’ lemapean.

 

Manifestazioaz gain, epaiketaren lehenengo egunean babesa emateko, Madrileraino joango den autobusa antolatu dute datorren astelehenean, martxoaren 31n, goizeko 05.00etan. Aiztogile kaleko Aranba tabernan hartu daitezke autobus txartelak. 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago