Ume eta gazteentzako udalekuen eskaintza aurkeztu dute Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak

hirinet 2014ko martxoaren 25a

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak 2014ko udarako udalekuen eskaintza aurkeztu dute.

 

Aldundiak Udaraba 2014 udako kanpaina aurkeztu du. Aurten 2.858 plaza eskainiko ditu, iaz baino ehun gehiago, 7 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteentzat. Aurtengo eskaintzan Valderejoko parke naturala sartu da, non ardatza  naturaren interpretazioa eta harekiko harremana izango den.

 

Kanpaina uztailean, abuztuan eta iraileko lehenengo astean gauzatuko da eta hiru programa desberdin ditu osagai: Udalekuak, Gazte Bidaiak eta Barnetegia.

 

Udalekuak 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat da eta 14 lekuetan gauzatzen dira: lau Araban (Zuhatza, Barria, Espejo eta Valderejo), sei Bizkaian (Gorliz, Urduña, Lapurriketa, Lurraska, Lauaxeta eta Zugaztieta), eta lau Gipuzkoan (Orio, Zarautz, Hondarribia eta Segura).  Udaleku hauek hiru hizkuntza modalitatetan egiten dira: euskaraz, ele bietan (euskaraz eta gaztelaniaz) eta hiru hizkuntzatan, ingelesa izanik komunikazio hizkuntza nagusia.

 

Gazte Bidaiak programa 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat antolatzen den aisialdiko programa da. Programa honen barruan nabarmentzekoak dira, esaterako, ingelesezko udaleku bat Espejon, Gipuzkoako Aldundiarekin hitzartutako udaleku bat Alacanteko La Marinan, Gazterock udalekua eta Europarako bidaia, aurten Suitzan eta Kosta Urdinean egingo dena.

 

Azkenik, Barnetegia programa euskara maila hobetu nahi duten 10 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteentzat da eta jolas eskaintza handia du. Guztira 150 plaza eskaintzen ditu: 110 Barrian eta 40 Espejon, abuztuaren 27tik eta irailaren 4ra bitartean.

 

Apirilaren 1etik 11ra irekita egongo da jarduera guztietan izena emateko epea eta horretarako aukera bi daude: Internet bidez egitea  Gazteriaren Foru Erakundearen web gunean edo Aldundiaren jarduera bulegora joatea. 

 

Gasteizko Udalaren udako eskaintza

 

Gasteizko Udalak, bere aldetik, 2.919 leku eskainiko ditu udako opor programan. Bertan 4 eta 17 urte bitarteko ume eta gazteei zuzenduta jarduerak daude eta aurten bi programa berri daude: ‘Green Summer Camp’ eta Abentura udalekuak.

 

Jolas Txokoek420 leku eskainiko dituzte eta 2012an sortutako eredu hirueleduna mantentzen da (Sansomendi LHI, Landazuri HLHI eta Judimendi HLHI). Hiriko bi lekutan jolas txokoa eta jantokia batzen dituen eskaintza sortu da (Odon de Apraiz eta Judimendi).

 

Udako ludotekak hiriko gizarte etxe guztietara zabaltzen dira. múSIka, bai! musika udalekuak eta Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroak ere aurkituko dira, besteak beste, udarako eskaintzan. Hauekin batera, Udaleku irekiak, Ingurumen udalekuak, Abendura udalekuak etaKanpaldiak hondartzan izango dira.

 

Berritasunen arteanGreen Summer Camp dago, ingurumenarekin eta zientzia eta teknikarekin lotutako udalekuak, Atarian. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango dira.

 

Izena emateko ohiko bideak  erabil daitezke: 010 telefonoa, herritarrei laguntzeko bulegoak eta udalaren web-orria.

 

Informazio gehiago: Gasteizko Udaleko Udalekuak 2014

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago