Klasekide ohia izan nuen Ander EHUko Leioako kanpusean. Kazetaritza ikasketak amaitu eta argi zuen Euskal Herriko mugetatik haratago lan egin nahi zuela, tarte batez behintzat. Iparrorratzak Amerikako Estatu Batuetarantz seinalatu zuen, eta ordutik, hainbat lan eta esperientzia bizi izan ditu bertan. Azkena: Hollywoodeko izarrekin batera alfonbra gorrian.
Ander Egiluz Beramendi. Izen-abizena horiekin AEBetan izango zinela segurua zen, edo?
Lagunartean askotan egin dudan txantxa da, baina ez da horrek hona ekarri nauena, bidaiatzeko eta ikasten jarraitzeko gogoak baizik.
Los Angelesen lanean zaude orain, baina aurretik, Amerikako Estatu Batuetako hainbat toki ezagutu dituzu. Boise, Bakersfield... Zertan aritu zara?
2010ean bidaiatu nuen lehenbizikoz Ameriketara. DEIA eta Onda Vascarentzat nengoen lanean eta López lehendakariaren eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren bidaia ofizialen berri ematera joan nintzen. Horrez gain, Boisen (Idaho), bost urtean behin, ospatzen den Jaialdiaren harira euskal amerikarren inguruko erreportaje batzuk idatzi nituen. 2012-2013 ikasturtean, bestalde, EHUn Linguistika Aplikatuko masterra amaitu eta jarraian, Bakersfieldeko (Kalifornia) Euskal Etxeak eta CSUB unibertsitateak duten akordioari esker kontratua lortu nuen bertan, Euskal Herriaren historia, euskal kultura eta euskara eskolak emateko. Esperientzia polita inondik ere, baina kazetaritza botatzen nuen faltan eta komunikabideetan ate-joka hasi nintzen, Los Angeleseko La Opinión egunkarian jaramon egin zidaten arte. Hori bai, hasierako sei hilabeteak “froga” modukoak izango zirenez ez nuen ezer kobratu behar eta Global Training beka eskatu eta jaso nuen. Eta eskerrak, ostantzean ez nintzateke galdera hauek erantzuten egongo, kar, kar!
Nolakoa da Euskal Etxeen inguruan bizi den giroa?
Oso desberdinak dira, dauden hiriaren arabera. Adibidez, New Yorkeko Euskal Etxeak lehen belaunaldiko immigrante gehiago ditu Boisekoak, Chinokoak (Kalifornia) edo Bakersfieldekoak baino, hiri horrek, oraindik ere, jendea erakartzen duelako, jatorrizko herrialdeko egoera ekonomikoa edozein dela. Baina Bakersfield, Boise, Chino eta mota horretako hiri/herri txikiagoetara ez doa inor, gaur egunean. Han dauden euskaldunak bere garaian joandakoen ondorengoak dira. Beraz, nik bizi izandakoaren arabera, dantzan, musean jolastean, bazkarian, folk musikan eta horrelakoetan oinarritzen da euskaldun izaera. Bereziki dantzan. Hori da, nik bizitakoaren arabera, euskalduna izatea AEBetan.
Sagardotegi garaian gaude Euskal Herrian, ba al da txotx egiteko aukera L.A. inguruan?
Aipatu ere ez egidazu egin, mesedez! Ez nekian sagardo eta sagardotegien abstinentzia sindromea esistitzen zenik ere, baina neure azalean sufritzen nago orain! Kar, kar! Egia esan ez dakit Los Angeles inguruan horrelakorik egiteko aukerarik dagoen, baina geuk egiten dugun erara ziur naiz ez dagoela. Hala ere, aurrekoan, menuan Bizkaiko Txakolina zuen jatetxe perutar batean bazkaldu nuen. 10 dolar balio zuen basoak. Ura eskatu nuen.
Egun gaztelerazko egunkari batean kronikak idazten dituzu. AEBtako gaztelerara moldatzeko arazoak izan dituzu?
Bertako berbakerara egokitzea ez da batere zaila izan. Lau hitz baino ez dira, finean. Gehien kostatzen ari zaidana da hemengo egunkariek tituluetarako darabilten estilo “anglora” egokitzea. Artikulu gabe, laburrak eta pixka bat horiak, neure iritziz.
Oscar sarien urteko galan izateko aukera izan duzu. Alfonbra gorria zapaltzeko trajea erosi ala alokatu zenuen? Film baten barruan bezala sentituko zinen...
Oso zorrotzak dira Oscarrak bezalako galetan; kazetari bakoitza bere gunera baino ezin da joan: alfonbra gorrikoak alfonbra gorrira, VIP argazkilariak VIP gelara, eta abar. Eta den-denek jantzi behar dute trajea eta pajarita, edo arropa elegantea, emakumezkoen kasuan. Anekdota moduan, gala aurretik ematen dizuten gida liburuan jartzen zuen trajea jantzi behar ez zuten bakarrak telebistetako kamioietan zeudenak zirela, baldin eta kamioitik ateratzen ez baziren.
Film baten barruan bezala ez nintzen sentitu presio handia nuelako, Oscarretan nengoen lehen aldia zelako eta ondo egin gura nuelako lana eta, zelan ez, internet konexioarekin eta telefonoarekin arazoak izan nituen, beraz, ez nengoen oso umore alaiz. Hala ere, behin amaituta, BBCko lagun batekin alfonbra gorrira sartzea lortu nuen, izarrak ateratzen ziren lekura, eta Sidney Poitier, Bradley Cooper, John Travolta eta beste hainbatekin egoteko aukera izan genuen. Harik eta segurtasuneko tipo batek harrapatu eta bota gintuen arte. Baina arriskuak merezi izan zuen, kar, kar!
Besteak beste, Cate Blanchet, Jennifer Lawrence edota John Travolta ezagutu eta haiekin argazkiak egin dituzu. Zu ere ospetsu bihurtu nahi, ala?
Cate Blanchett eta Jennifer Lawrencekin SAG Awards-etan egon nintzen, ez Oscarretan. Edozelan ere, zeure parean izanda, agurtzeko aukera aprobetxatu behar da! Jennifer Lawrence benetan jatorra iruditu zitzaidan, berak atera zuen, nire mugikorrarekin, “selfie” bat. Oso naturala iruditu zitzaidan neska.
Halako esperientziekin amestu al zenuen ‘gaztetan’?
Ezta gutxiago ere. Badakit zorte handia izan dudala, baina zinez diot ez dela hau nire kazetaritza mota gustukoena. Laupabost zuzendari eta aktore ezagunekin argazkia egitearen ilusioak egun bakarra irauten du. Azken batean, gala hauek, farandula garestia baino ez dira. Beste kontu bat litzateke elkarrizketa luzeak egiteko aukera izatea, hori bai gustatuko litzaidakeela. Agian beste batean…
Berri Txarrak gustuko duzula badakigu, AEBetan bira iragarri dute apirilerako. Kontzerturen bat agendan apuntatuta dagoeneko?
Agendan markatua bakarrik ez, Seattlerako hegaldia hartua dut dagoeneko. Boiseko lagun batzuekin batuko naiz han, asteburu pasa polita: lagunak berriz ikusi, hiri berri bat ezagutu eta Berri Txarraken kontzertu bat Ameriketan. Ez da edozelako plana!
‘Homeland’era (Euskal Herrira) bueltatzeko gogorik?
Ez dakit hitz jokoa nahita egin duzun baina, Euskal Herrian bizi nintzenean, anaiarekin batera ikusten nuen seriea da ‘Homeland’. Eta kasualitatez, behin kaletik nindoala protagonistarekin egin nuen topo, Brody Kapitainarekin, kar, kar! Oso tipo jatorra Damian Lewis ere.
Eta etxera itzultzeko gogoak, etorkizunera begira bai, baina oraindik asko daukat ikasteko eta bizitzeko, hemen edo beste edonon. Hala ere, lagunak, familia eta herriko bizimodua bai botatzen ditut faltan. Ia oporralditxo baterako laster joan naitekeen.
Egilea: Naroa Cuesta
Gasteizko Kubik aretoan izan nuen