Eusebio Osa: belaunaldi baten lekuko

hirinet 2014ko martxoaren 24a

Eusebio Osaren pentsamendua jarrai liteke liburu honetan.

 

Beraren pentsamendua historiaren harian eta bere testuinguruan, garai hartan erreferentzia izan ziren edo behinik behin Osak erreferentziatzat hartu zituen autore eta testuekin batean eraikia.

 

60ko eta 70eko hamarkada pipermintsuak bizitzea egokitu zitzaion, eta 80ko hamarkada bareagoa, beharbada, baina ez barea, eta konpromiso eta engaiamendu handiz bizi izan zituen. Borroka sozial-kulturaletan murgildu zen buru-belarri: Gasteizko Olabide ikastolan; alfabetatze-eskoletan irakasle izan zen; 1976ko martxoaren 3ko grebetan parte hartu zuen; 1985ean, NATOn sartzearen aurkako koordinadoran murgildu zen, presoen alde lan egin zuen, eta bi hitzetan, pentsamendua eta praxia biak elikatu zituen. Pedagogoa eta pentsalaria, bere herriarekin batera.

 

Marxista izan genuen; OIC/EKEren kolaboratzaile, “Iraultza” aldizkariaren euskal orriaren arduradun 1977-78 urteetan. Demokrazia eta sozialismoa gauza bera zirela zioen Osak Espainian lehen hauteskundeak egin aurretitxoan, benetako iraultza sozialaren alde paratuz –Kuba eredu ona izan zitekeen, eta Frantzia txarra zen–, eta indarrean zegoena frankismo faxistatik demokrazia burges kapitalista autoritarioranzko trantsizioa zen. Hauteskundeen emaitzak ikusita, eta batzarretan antolaturiko langileen borroka sindikatu borroka izatera igarotzean, espezializazio hori kritikatzeaz bat, etsi egin zuen eta kritika soziopolitikora eta lan kulturalera lerratu zen.

 

Kritika soziopolitikoa Egin eta Euskaldunon Egunkariatik egin zuen, kutsu literario-filosofikoz zirtaturik testuak. Besteak beste, PSOEren bilakaera, neutralismotik Ronald Reaganen gidaritzapeko kapitalismora, eta sozialismotik sozialdemokrazia belaxkara; Ajuriaeneako mahaiaren kontraesan gaindiezinak salatu zituen, Gernikako arbolari men eta Espainiako Koroari ere bai, eta bien arteko ezin uztartua; hots handiko intelektual liberal espainol eta amerikarren aurka egoki argudiatu zuen -F. Savater, J. Aranzadi, J.P. Fusi, J. Caro Baroja, O. Paz, F. Fukuyama-, eta ez gutxiago salatu zuen estatubatuarren jendarme izaera, eta haien sarraskiak Amerikako kontinentean, eta munduan.

 

Pedagogiaren arloan, Freire brasildarraren zapalduen aldeko pedagogiaren zabaltzaile izan zen; eta gorago esan dugun bezala, talka egin zuen gaztelaniaren ordez euskara bai, baina hortik aurrera, aldaketarik nahi ez zutenekin, esaterako, dotrina katolikoa bere horretan ikastolan eman nahi zutenekin, eta Olabide ikastolatik bota egin zuten. Marxistaz gain, ateoa omen zen.

 

Sekularizazioaren arloan, figura nabarmena da. Planteamendu tradizionaletatik abiaturik, Vatikanoko II. Kontzilioaren uberan, zenbait teologo protestanteren ildotik (Bonhoeffer...), Eliza kapitalismo zapaltzailearen euskarri nagusi zen konbentzimendura heldu zen, eta, ikuskera-aldaketa horren haritik, marxismora lerratu zen. Jesukristorengan fedea izatea iraultzaile izan zitekeen, baina Elizaren hierarkiari men egitea atzerakoi.

 

Beti euskaltzale eta euskal idazle izan zen. Hasiera batean nahiko tradizional, euskaldun fededun, aurrerago euskara “mantxatuaren” alde, euskara bai, baina ez zapaltzaileen alde erabiltzeko. Bere bizitzako azken hamabi urtean dena euskaraz idatzi zuen, tesia barne. Euskararen garrantziaz gogoetan, 1985ean Euskal Kulturaren Batzarrak antolatutako Euskararen Egunaren karietara idatzitako artikulu batean, “Euskara gure aberria da” adierazi zuen, ez gehiago eta ez gutxiago.

 

Pentsamendu tradizionala hausten eta berria sortzen aitzindari izan ziren Krutwig, Txillardegi, Aresti, eta Rikardo Arregiren ildoan, Txillardegirekin talkan zenbaitetan, baina haiekin eta Joxe Azurmendi adiskidearekin eta, gure pentsamendua eraberritzen belaunaldi baten lekuko abantailatuenetako bat izan genuen.

 

FITXA TEKNIKOA

Izenburua: Eusebio Osa: belaunaldi baten lekuko

Saiakera soziologikoa

Egilea: Pako Sudupe Elortza http://www.elkar.com/eu/egilea/sudupe-elortza--pako

Argitaletxea: EHU

Hizkuntza: Euskara

Edizio urtea: 2013

 

 

Eusebio Osa: belaunaldi baten lekuko liburua martxoaren 28an aurkeztuko dute Elkar aretoan.

 

 

Egilea: Pako Sudupe

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago