8 apellidos vascos filma

hirinet 2014ko martxoaren 24a

Astebete daramat harri eta zur 8 apellidos vascos izeneko komediak jasotako arrakastarekin.

Ostegunean bertan, sigi-sagan zebilen zine-aretorako bide ematen zuen ilara luzea Gasteizen. Horixe, besterik ez bada ere, badugu albistea. Neuk behintzat aspaldian ikusi gabe neukan horrelako ikusmina. Egia esan, inoiz izan den espainiar zinemaren estreinaldi onenetako bat izan da eta aurreneko astean 2.7 milioi euro jaso du dagoeneko aurreikuspen onenak gaindituz. Antzekoak ikusteko oso atzera egin beharko genuke, alegia, The Impossible estreinaldiraino, edo, espainolezko zinemari dagokionez, Las aventuras de Tadeo Jones edo Tengo ganas de ti filmetaraino. Clara Lago protagonista zeukan azken honek, esaterako, 3 milioi euro jaso zuen.

 

Egia esateko, Mediasetekoek egindako kanpaina erraldoia ikusita fede handirik gabe hurbildu nintzen aretora. Halere, aitortu behar dut, Emilio Martínez-Lázarok zuzendutako komedia apal honi, inondik ere eredugarria izan gabe ere, ezin zaiola ukatu eraginkorra eta dibertigarria ez denik. Eraginkortasun hori, neure ustetan, bi alderditan oinarritzen da. Batetik, Borja Cobeaga eta Diego San Josék “Vaya semanita” telesailaren edo No controles edo Pagafantas filmen estiloaren haritik egindako gidoi zalu eta iaioan. Bestetik ere, casting-ean asmatu izana eta aktore guztien lan bikaina erabakigarriak izan dira maila apaleko film hau goratzeko.

 

Clara Lago-ren freskotasun seduzitzailea, Dani Rovira komikoaren lotutasunik ezak eta aisetasunak, Carmen Machiren eginkortasunak eta, Karra Elejalde bikainaren burlaizeak eta antzezpen-indarrak bat egiten dute euskaldunen eta andaluziarren topikoak eta mitoak ihakindatzeko eta horiekin jolasean ibiltzeko.

 

Bestetik ere, filmak ez du ur handitan sartzeko aukera handirik ematen. Azken finean, marra lodiez egindako klixe handi bat da. Aitortu behar da, aitzitik, trebetasun eta ausardia nahikoa duela topikoen, aurreiritzien eta tabuen esparru labain eta minberen ertzetik ibiltzeko hautsa gehiegi harrotu gabe eta irribarrea sortzeko tekla apetatsuan asmatzeko. Izan ere, esan liteke amultsuegia eta otzanegia dela hainbatetan eta kontu handiegiz ibiltzen dela zuzentasun politikoak markatzen dituen mugetatik gehiegi ez urruntzeko. Horrek, ezpairik gabe, indarra eta garra kentzen dio filmari. Neuk behintzat zain nago ea noiz ausartzen garen bene-benetan geure gatazka eta konplexu guzti-guztiekin barre egitera. Izan ere, ez dut uste film honek umorerako gogoa duen inor mindu dezakeenik, dagokion inguruan ulertzen bada behintzat.

 

Azken buruan, jakinda zer zaila den zinemagintzan komedia egitea eta irribarrea sortzea, badauka balio handia hori lortzeak, eta film honek lortu egin duelakoan nago. Beraz, ahalegina egin genezake alboan uzteko pertsonaien garapen-urritasuna, hizkuntzen tratamendu zalantzagarria, zuzendaritza nortasungabea, gehiegizko onkeria, eszenen jarraitutasun falta, edo baliabideen erdipurdikotasun orokorra. Ez du merezi buelta gehiegi emateak. Neuk horrela hartu nuen eta barre egin nuen, falta izango nuen-eta. Izan ere, film mamitsuagoak nahi izanez gero egon badaude lan interesgarriak zinemetan. Nere begikoak, esaterako, Pelo Malo edo Dallas Buyer's Club. Norberak aukera dezan.

 

Egilea: Klaketa.net

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago