Errentaren kanpaina apirilaren 1ean abiatuko du Arabako Foru Aldundiak

hirinet 2014ko martxoaren 24a

Pertsona fisikoen errentaren eta ondarearen gaineko zergen 2013ko kanpaina apirilaren 1ean abiatuko duela iragarri du Arabako Foru Aldundiak.

 

Horrela, astebete aurreratuko du errentaren kanpaina eta itzulketa guztiak 48 orduan egingo direla adierazi du Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatua Aitor Uribesalgok.

 

Dagoeneko prest dauden 120.000 aitorpen proposamen bidaliko ditu aldundiak, iazko kanpainan baino 10.000 gehiago. Horrela, Arabako zergadunen %68k jasoko du bere etxean aitorpen proposamena. Izan ere, aurreko ostiralean ekin zitzaion zirriborroak bidaltzeari eta zerga betebeharrak dituzten herritarrak martxoaren 26tik aurrera hasi ahal izango dira aldez aurreko hitzordua eskatzen, aitorpen proposamenak onartzeko, aldatzeko edo atzera botatzeko. Rentafacil modalitate hau apirilaren 1ean abiatuko da eta aukeratzen duten zergadunek hilaren 3tik aurrera hasiko dira kobratzen.

 

 

Bestetik, Rent@araba errentaren kanpainaren ohiko modalitatea apirilaren 22an hasiko da. Horrela, bere aitorpena Samaniego kaleko bulegoetan egitea aukeratzen duten zergadunek aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute apirilaren 10etik ekainaren 9ra arte. 901 50 40 30901 50 40 30 telefonoan, www.alava.net-en, Ogasunaren bulegoetan edo Kanpezu, Murgia, Agurain eta Oiongo udaletxeetan irekitako bulegoetan egin dezakete.

 

 

Eskera honi aurre egiteko, Ogasuneko bulegoetan 114 pertsona arituko dira lanean zergadunei aitorpena egiten laguntzeko.

 

Azkenik, aitorpena internet bidez egitea aukeratzen dutenek apirilaren 1etik aurrera egin dezakete, Renta Red modalitateari esker. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren  2013ko kanpaina ekainaren 25ean bukatuko da, modalitatea edozein dela ere.

 

 

Foru Ogasunak dituen aurreikuspenen arabera, errentaren 2013ko kanpaina honetan, guztira, 150,7 milioi euro itzuliko zaie zergadunei; zergadun bakoitzari, batez beste, 1.129 euro.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago