Maskulinotzen

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2014ko api. 3a, 02:00

Maialen Berasategi

 

Neska adingabe delitugileen kopurua izugarri handitu omen delako sortu da berriki eskandalua. Berehala, tertuliakide asko diskurtso berberarekin azaldu dira komunikabideetan, fenomeno harrigarri hori esplikatzeko: “rolak berdintzen” ari direla, “onerako eta txarrerako”.

 

Inork ez du esaten, ordea, zer aldetara ari diren berdintzen.

 

Mutil gazteek ez dute batere tentaziorik femeninotzeko (marikoi da oraindik gizon bati esan dakiokeen irainik mingarrienetako bat). Neska gazteak, aldiz, rol maskulinoa beretzen ari omen dira, maskulinotasunaren aje eta guzti. Eta gu, txundituta. Harri eta zur, indartsu eta bortitz izan nahi dutelako neska batzuek. Nahiago dutelako norbaiti eraso, etengabe erasogarri izan baino. Nahiago dutelako gizartearen erdigunean egon, bazter batean baino. Gu, goi-agintari gizonezkoen gizarte hau, etxekoandre sukaldarien eta chef gizonena, ikastetxeetan gizadi osoaren erdiaren historia bakarrik irakasten duena, gailur-gailurrean Leo Messi eta Lamar Odom jartzen dituena, gu, gizarte ustez berdinzale honetako biztanle asmo onekook, zeharo txunditurik gaude neska asko maskulinotasuna barneratzen ari direlako, haren on-gaitz ia guztiekin.

 

Hain zaila al da ulertzen? Gero eta neska gehiagok nahiago izango dute, bai, goi-agintari izan, eta chef prestigiotsu. Orobat, zoritxarrez, gero eta emakume gehiago saiatuko dira nahi dutena indarkeriaren bidez lortzen. Harrigarriro, gero eta emakume gehiagok lortu nahiko dituzte gizarte honen erdigune eta indarguneetan egotearen abantailak. Eta erdigune hori maskulinotasunean oinarriturik dagoen bitartean, badakigu zer ereduri jarraituko dioten hori guztia lortzeko (bai: delituak eta indarkeria barne).

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago