Ospakizuna martxoaren 23an, igandean, izango da, eguerdiko 12.00etatik aurrrera. Bertan, zuzeneko musika, clown ikuskizunak eta umeentzako jokoak izango dira, besteak beste. Jaia ortua ezarriko den landan ospatuko da, Iruña Veleia eta Salvador Dali kaleen artean, hala ere, eguraldi txarra egiten badu Zabalgana ikastetxeko polikiroldegira mugituko da.
Zabalortu proiektua orain hiru urte sortu zuten Zabalganako auzoko bizilagunek. Proiektua auzoan hiri ortu ekologikoak sortzean datza eta hiru dira bilatzen dituen helburuak; fruta eta barazkien autoekoizpena, honen inguruko formazioa eta hezkuntza zabaltzea eta sozializaziorako espazio soziokulturala eratzea. 2013ko abenduaren 27an Gasteizko Udaleko osoko bilkuran alderdi guztiek Zabalortu elkarteak aurkeztutako proposamenak babestu eta 2014ko udaberria baino lehen ortu ekologikoa eraikitzeko proiektuarekin hastea adostu zuen. Izan ere, aste honetan bertan Zabalortu elkarteak salatu duenez, “udaberria hasteko hiru egun falta direnean udalak ez du oraindik ezer egin”. Honen aurrean, Hirigintza zinegotziak ostiral honetan bertan egitasmoa martxan jartzeko urratsak emango dituela iragarri zuen eta lehiaketaren prozedurari hasiera emango diote.
Udaberriari ongi etorria emateko, Zabalortu Zabalgana auzoko ortu ekologikoen proiektuaren elkarte bultzatzaileak Udaberriko jaia egingo du.