Elena Laka izendatu dute Euskaltzaleen Topaguneko presidente

hirinet 2014ko apirilaren 7a

Euskaltzaleen Topagunearen bazkideek Elena Laka izendatu dute erakundeko presidente.

 

Azken bi urtetan euskaltzaleen mugimendua zuzendu duen Mikel Irizarrek Elena Lakari pasa dio hortaz ordezkaritza Gasteizko Montehermoso kulturunean larunbatean ospatutako Batzar Nagusian parte hartu zuten Topaguneko bazkideek erabakia. Elena Laka, abokatua lanbidez, Eibarko …eta Kitto! euskara elkarteko ordezkaria da Topagunean eta urte luzez lotura handia izan du bai euskara elkarteekin eta baita Euskaltzaleen Topagunearekin ere. Izan ere, bost urtez izan da Topaguneko zuzendaritzakide.

Irizarrek egindako azken urteotako balorazioan, euskaltzaleen mugimenduak landu dituen erronka berriak azpimarratu zituen. Era berean, euskararen normalizazioa ipar duten euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei dei egin zien, oinarrizko adostasun batzuk lortu eta euskarak azken urteotan izan dituen sabai batzuk apurtzeko. Topaguneko ordezkariek Euskal Herriaren etorkizunean euskara elementu integratzaile bat dela adierazi zuten; hortaz, gizarte euskaltzalearen proiektu partekatu modura normalizazioan urratsa emateko aukerak areagotuko direla iritzi diote.

 

Lakarekin batera, Imanol Miner errenteriarra sartu da Topaguneko zuzendaritzan, eta Niko Cuenca deustuarrak eta Oskar Zapata atarrabiarrak ere beraien kargua berritu dute.

 

Azkenik, bazkide berri bat ere onartu da aurtengo Batzar Nagusian. Arpela Etxebarriko Euskaltzaleen Topagunearekin 93 euskaltzale elkartek osatzen dute gaur egun mugimendu euskaltzalea. Geu elkartea Topaguneko bazkidea da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago