Sei gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Gasteizko Campusean

hirinet 2014ko martxoaren 19a

Gaur goizean 19 eta 26 urte bitarteko sei gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Gasteizko Campuseko Elurretako aulategian, autoritatearen kontrako atentatua egitea leporatuta.

 

Atxilotuak Ikasle presoek kalera kontzentrazioan parte hartzen ari ziren. Haraba.info web guneak emandako informazioren arabera, kontzentrazioa amaitu ostean mural bat egiten zeudela, campuseko segurtasun langileek “bortizki” sartu dira eta kalez jantzitako ertzain baten laguntzarekin ikasle bat atxilotu dute. Gainontzeko gazteek eserialdi bat egin dute elkartasuna adierazteko, ondoren “Ertzainaren furgoneta bat eta zazpi kotxe agertu dira eta gogor oldartu dira ikasleen kontra”, horietako bati burua zabaldu diotelarik. Horrez gain, beste bost gazte atxilotu dituzte. Orotara, istiluetan agente bat eta gazte bat zauritu dira.

 

Herrizaingo Sailaren arabera, gazteen eta Campuseko segurtasun zaintzaileen arteko liskar bat gertatzen ari zela ikusi du “handik igarotzen ari zen Ertzaintzaren patruila batek“, patruila gehiago eskatu dituzte eta sei gazteak atxilotu dituzte.

 

Arabako EH Bilduk, bere aldetik, gaur Gasteizko Campusean Ertzaintzak izan duen jarrera “bortitza” salatu du. EH Bilduren ustez, “Ertzaintzaren jarrera lotsagarria izan da eta bortizkeria handia erabili du gazte hauen kontra” eta atxilotuak lehen bai lehen aske utz ditzaten eskatu du.

 

Atxiloketak salatzeko manifestazioa deitu dute, gaur, 18.00etan Andra Mari Zuriaren enparantzan eta bihar 12.00etan Elurretako aulategian.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago