Iker Diaz de Cerio: “Arabako Errioxako oliba olioaren inguruko ezagutza zabaltzea beharrezkoa da”

hirinet 2014ko martxoaren 19a

Martxoaren 22an eta 23an Arabako Errioxako Oliba Olioaren III. Jaia ospatuko da Lantziego, Oion eta Arabako Moredan.

 

Jaialdi hau Arabar Errioxako Olio eta Olibondoaren Mahaiak antolatzen du, nahiko ezezaguna den produktu hau ezagutzera emateko. Honi buruz hitz egiteko elkarteko dinamizazio teknikoa den Iker Diaz de Ceriorekin egon gara, jaialdiari zein oliba olio eta olibondoei buruz hainbat gauza ikasteko.

 

 

 Noiztik egiten da oliba olioa Arabar Errioxan?

Betidanik egin da oliba olioa. Nahiz eta orain dauden olibondoak 400-500 urte dituzten, berez erromatarrek ekarri zuten produktua bere garaian. Momentu horietatik hona garai oso onak eta oso txarrak eduki ditu hala ere produktuak. Honen adibide da XIX. mendearen hasieran Arabar Errioxan zeuden 1000 hektareetatik mendearen bukaeran bakarrik 100 geratzea. Gaur egun pixka bat gehiago dago, 370 hektarea hain zuzen ere; pixkanaka kopuru hau igotzen ari da.

 

Non egiten da zehazki, zein herritan?

Antzina herrialde osoan zehar zeuden arren, gehien bat Nafarroa alderantz dauden herrietan egon ohi dira: Oionen, Moredan, Lanciegon, Iekoran … Gaur egun ere herri hauetan daude olibondo gehienak.

 

Nola dira Arabar Errioxako olioa eta oliba?

Gure olibondoak Arroniz barietatekoak dira. Oso espezializatuak daude gure ingurumenari, izan ere, eguraldiaren baldintzak produktu honen lanketarako mugan daude. Hau dela eta zapore mikatza eta pikantea du gehien bat. Gainera, normalean fruituzko zapore berdeak ere ekartzen ditu, tomate edo alkatxofa bezalakoak.

 

 

 

Zein da olibak egiten duen prozesua?

Orain arte, olio hau etxe kontsumorako egin den arren, orain komertzializazioarekin batera, olibak prozesu berri bat eramaten ari dira, jarraituagoa dena. Oliba hartzen den egunean bertan olioa ateratzen da: olibak olibondotik jaso, trujalera eraman eta egun berean zukutzen dira. Hortik ateratzen den olioa zikinkeria gal dezan gordetzen da eta denbora baten ostean erabiltzeko moduan egongo da.

 

Asteburu honetan Oliba Olioaren jaia ospatuko da. Zein da egitaraua?

Aurten III. jaialdia prestatu dugu eta jarduerez beteta egongo da. Larunbatean Oionen eta Lantziegon izango da jaia eta igandean Moredara mugituko da azoka eta uztaren aurkezpena. Hasteko Oionen “Pringada” burutuko da, zeinetan oliba olioa frogatzeko parada izango duten hurbiltzen diren guztiek. Horrez gain, bazkaltzeko menu espezialak eta pintxopote berezia ere egongo dira. Lantziegon arratsaldean, olioaren dastaketaz gain eta beste ekitaldi askoren artean, antzeztutako bisitak egongo dira trujalera, Ekoma Teatroren eskutik. Moredan igandean itxiera emango zaio jaialdiari.

 

Arabar Errioxako olio eta olibondoaren mahaiak antolatzen du jaialdi hau. Zertan egiten du lan talde honek?

Mahaia iazko ekainean sortutako talde bat da, sektorearen hainbat talde biltzen dituena oliba olioa goraipatzeko ekintzak antolatzen lan egiten duena. Bi hilabetean behin biltzen da estrategia lantzeko. Bertan, ahuleziak aztertu eta beharrak konkretatzen dira, horiek gero landu ahal izateko.

 

Oleum Proiektua aurrera eramaten ari zarete. Zertan datza?

Proiektu hau duela hamar urte sortu zen eta pasa den urtean sartu genuen mahaiaren antolakuntzan. Hiru ardatzetan oinarritzen da batez ere: pertsonen errehabilitazioa, olibondoaren errekuperazioa eta ingurumenaren errekuperazioa. Hortaz, Oleumen lan egiten dute herrialdeko pertsona ezgaituak eta Zaballako preso batzuk, gure produktuaren bitartez pertsonak ere errekuperatzen saiatzeko.

 

Diru laguntzarik jasotzen al duzue?

Mahaian bertan ordezkatuta daude bai Eusko Jaurlaritza, bai Arabako Foru Aldundia zein Arabar Errioxako Koadrila. Mahaiaren barruan lan egiten duten heinean ere ekonomikoki laguntzen dute, hiruren artean partida bat sortu baitute.

 

Zeintzuk dira mahaiaren hurrengo helburuak?

Mahaiak duen azken helburua sektorea finkatzea, produktua goraipatzea eta olibaren kultura ezagutaraztea dira. Hasteko Arabar Errioxako jendea bera kontzientziatzea izango litzateke lehen helburua, izan ere, olibondoen kultiboa bakarrik ezaguna da aurrera eramaten den herrietan, eta honen inguruko ezagupena zabaltzea behar-beharrezkoa ikusten dugu, jendea horrela bere olibondoak landatzen animatu dadin. Errioxan ezagutarazi eta gero, Araba osoan eta gero Euskal Herri osoan zabaltzea izango litzateke helmuga. Hala ere lasai- lasai joan behar gara, ez baita helburu makala.

 

Egitaraua

 

 

Egilea: Oier Bravo

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago