Azken hamarkadetako izenik erabilienak Araban

hirinet 2014ko mar. 10a, 09:16

Seme-alabek bizitza osoan eramango duten izena aukeratzea guraso askoren buruhaustea izan ohi da.

 

Aitona edo amonaren izena berreskuratzea klasiko bat da. Askotan izenik exotikoena topatzea da helburua. Beste askotan, ordea, senideek zein lagunek gustuko dutena jartzea buruhausteei aurre egiteko bide bakarra izaten da. Eta bizitzaren beste arloetan bezala, badira modan jartzen diren izenak, kaletik zoazela nonahi entzuten diren horiek.

 

1930 baino lehen jaioberri gehienek Felisa eta Jesus zuten izena. Gerora, Bizkaitik zetorren moda jarraiki, neskak Maria Carmen izendatzen hasi ziren, aldiz, gizonezko gehienei Jose Luis ipintzeko joera nagusitu zen.

 

Gauzak gehiegi aldatu gabe, 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadan Maria Carmenak nonahi topatzen ziren gure lurraldean eta 1970 urtera arte izen jarriena izan zen. Gizonen artean, berriz, aldaketak eman ziren hamarkada batetik bestera. Hogei urtez izen jarriena Jose Luis izan ostean, 50eko hamarkadan Jose Luisen agintea amaitu eta Jose Maria izena hartu zutenen garaia hasi zen. Hamar urte beranduago, 60an Francisco Javierri heldu zitzaion txanda eta 70eko urteetan, berriz, Francisco izenak galdu eta Javier nagusitu zen. Hamarkada berean Maria Carmenen inperioaren gainbehera etorri zen Gaztela Zaharretik eta orduan neskatoak Marta deitzen hasi ziren.

 

Bien bitartean, lehen aldiz gailenduko da euskarazko izen bat; Gipuzkoan izan zen, jaioberrien gehiengoak Ainhoa izena jaso baitzuen. Araban, aldiz, hamarkada bat itxaron behar izan genuen euskarazko izen batek podiumeko lehen postua lortzeko eta izenik arabarrenak eskuratu zuen, Estibalizek, hain zuzen. Gizonen artean ez zen gauza bera gertatu eta David gailendu zen 80eko hamarkada horretan. Hamar urteren buruan, kontrakoa gertatu zen Maria eta Mikel izenek hartu baitzuten indarra gure lurraldean. Uxue eta Iker izango dira milurteko berrian arrakasta gehien lortu zuten izenak. 2010eko hamarkadan Iker izenaren nagusitasuna mantendu bazen ere, Nahia modako izen bilakatu zen. Azken urteotako joerak ikusitako, jakin badakigu etorkizuneko arabarrak Iker, Nahia, Markel, June, Unai, Ane, Aimar, Eider, Eneko, Irati, Jon, Izaro, Oier eta Uxue izango direla.

 

Iturria: Espainiako Estatistika Institutua

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide