Ikuskizunak, tailerrak eta txapelketak izango dira Oreka kaleko dantza jaialdian

hirinet 2014ko mar. 10a, 09:57

Oreka kaleko dantza festibalaren edizio berria martxoaren 14tik 16ra ospatuko da Gasteizen.

Jaialdi honetan hainbat ekintza burutuko dira dantza ikuskizunez gain, tailerrak edo txapelketak, esaterako. Xehetasun gehiago ezagutzeko Oreka jaialdiaren antolatzailea den Miren Amestoy gaztearekin hitz egin dugu.

 

Nola erabaki zenuten kaleko dantza oinarri hartuta festibal bat antolatzea?

Orain dela bost edo sei urte inguru dantza mota honek sekulako gorakada eman zuen eta ez zegoen oraindik ekintza honen inguruko jaialdirik.

 

Zergatik 'Oreka'?

Beti esaten dugu gure jaialdia ikuskizuna eta irakaskuntzaren arteko oreka bilatzen duela, dantzan dakiten arteko goi mailako koreografoekin irakaskuntza eta gure ekintzak ezagutu nahi dutenentzat ikuskizuna.

 

Jarraitzaile asko ditu kaleko dantzak Gasteizen?

Gero eta gehiago. Orain dela zenbait urte gustuko zutenak ez ziren asko baina egia da haur eta gazteentzat oso ekintza osasuntsu eta dibertigarria dela, gainera talde lana sustatzen da eta ohikoa da oso giro ona izatea taldeetan

 

Zein da ekimen honen helburua?

Oreka taldeak sekulako grina dauka dantzaren inguruan, beti gaude hurrengo ekintzan pentsatzen. Hasieran erantzuna zein zen frogatzea genuen helburu, gero hastea, orain finkatzea eta urtero egin ditugu berriketak ekitaldia aberastu egiteko.

 

Iazko edizioa ikusita, aurten arrakasta berdina edukitzea espero duzue?

Ia ekintza guztietan arrakasta handiagoa izateko aurreikuspena dugu. Egoera orokorrari moldatzeko proposamenarekin, prezioak jaitsi ditugu, baina kalitatea mantenduz.

 

Zer ikusi ahal izango dugu festibal honetan?

Urtero bezala ekintza ezberdin mordoa. Ostiralean ikuskizuna, bost zati desberdinekin kaleko dantzaren ikuspegi orokor bat eginez, Oreka taldeak ere dantza egingo du. Larunbatean klaseak, aurten goi mailaz gain hasiera maila ere edukiko dugu. Larunbat gauean afaria eta jaia. Eta azkenik, igandean, bikote eta taldeko txapelketa kategoria desberdinekin.

 

Informazio gehiago:  Oreka 2014

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide