Martxoak 8, gure askatasuna borrokatuz

hirinet 2014ko mar. 6a, 12:17

Euskal Herriko Koordinadora Feministak kanpaina bateratu bat antolatu du. Eta Araban Martxoak 8 Plataforma feministak aurkeztuko dugu kanpaina.

 

Une oso larria ari gara pairatzen: botere politiko, ekonomiko eta erlijiosoaren arteko aliantza historikoa indartu egin da eta jendartean sakoneko aldaketa inposatu nahi du, oso kutsu atzerakoiaz; egundoko erasoa jotzen ari dira hamarkadak joan, hamarkadak etorri emakumeok ahalegin izugarriz irabazitako eskubideen aurka.

 

Aplikatzen ari diren dekretu, erreforma eta murrizketa sozialek zuzeneko galera eragiten dute urte luzetako borrokari esker irabazitako eskubide sozial, laboral, ekonomiko eta politikoetan, eta hau diskurtso atzerakoi batez janzten dute; honen helburua, emakumeak berriro adin txikiko pertsona gisa hartzea, erabakitzeko aukerarik gabe eta ezartzen diguten bizitza prekarioa mantentzeko eginkizunarekin.

 

Eskubideen atzerakadaren gailurra abortu-legearen erreforma proiektua da, emakumeen aurka egin den benetako gerra-adierazpena.

 

Abortu-legearen erreforma ultrakontserbadorea da, eta eskumaren eta eliza katolikoaren buruek diktatu dute. Gure bizitza eta gorputzen gaineko erabakia kentzen digu; umiliatu eta gutxietsi egiten gaitu, ama izatera bortxatuz. Eurek erabakitzen dute, eta emakumeok obeditu egin behar dugu: otzan, serbil, mutu. Hala nahi gaituzte.

 

Horregatik, gure gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea exijitzen dugu. Abortu-eskubidea emakumeon eskubidea eta giza-eskubidea delako, justizia sozialari dagokiolako eta hauekin batera doazen eskubide guztiekin lotuta dagoelako: duintasuna, bizitzeko eta osasunerako eskubidea, askatasuna, berdintasuna, pribazitatea, autonomia eta segurtasuna.

Horretaz gain, alde batetik, amatasuna ezartzen diguten heinean, bestetik, debekatu egiten digute. Exijitzen dugu lagundutako amatasunerako sarbidea doakoa eta askea izatea, bai lesbianentzat, baita bikote-gizonik gabeko emakumeentzat ere. Besteak beste, horientzat nahi dugu ugaltze-eskubideak unibertsalak izatea eta ez ebakitakoak aurrejuzku heterozentratuetatik.

 

Nahi digute inposatu emazte eta ama gisako emakume eredua, beti ere, familia nuklear heteronormatibo baten senean. Are gehiago, ezarketa horri gehitzen zaio, hain zuzen ere, gero eta urriagoak direla menpekoak zaintzeko bideratutako laguntzak; izan ere, gura baitute, guk, emakumeok, lan horren zama har dezagun, guk, emakumeok, zaintza lan guztiak gure gain hartzera behartuz, hain zuzen lan ikusezina, aitortzen ez dena eta oso prekarioa, baina aldi berean sistema kapitalistarentzat zeharo beharrezkoa dena.

Duintasunean erabakitzeko eskubidea nahi dugu, gizarte eta erakundeen nork bere bizi-proiektuaren inguruan hartzen dituen erabakiak errespetatuko direla jakinez.

Bizitza dignoa  nahi dugu, aberastasunaren banaketa zuzenean oinarritutakoa. Horren harira, salatu nahi ditugu Gasteizeko udalak hartu dituen azken neurriak: arean ere, modu bortitzean moztu baititu pertsonak eta familiak elikatzeko ematen ziren laguntzak; non eta gure udalerrian.

Nahi dugu produkzio lana eta ugalketa lana birbanatzea eta, berdinki, zaintzeko eskubidea bermatzea; uneoro, emakumeen bizkar utzi gabe.

Exijitzen dugu osasun sare publiko bat, zeina emakume ororentzat eta beraien behar zehatzentzat eskuragarria izango den, ama nahi izan ala ez.

 

Exijitzen dugu honako hezkuntzarako eskubidea hau: era trasbertsalean genero berdintasuna osatzen duen hezkuntza, inolako estereotiporik gabe eta hori guztia gauzatuko duena hezkuntzako etapa eta irakasgai guztietan. Orobat, nahi dugu hezkuntza afektibo-sexuala derrigorrezko irakasgaia izan dadin curriculumaren barnean.

Nahi dugu erabaki, aske erabaki ere, nola bizi, bai gure gorputzak, bai gure desirak, baita gure sexualitatea ere; bortizkeria matxistatik libre.

Eta, noski, aldarrikatzen dugu aukeratutako amatasuna izateko eskubidea, inposaketarik eta debekurik gabe. Halaz, nahi dugu era librean praktikan jartzea ugaltzeko hautu ezberdinak. Are gehiago, Estatuak bermatu behar ditu horretarako bitartekari eta zerbitzuak eta ez du, inolaz ere, zalantzan jarri behar emakumeen erabakitzeko eskubidea; molde berean, Estatu horrek ezin digu eman andrazkooi ez-sujetuen edota pertsona tutelatu zein ezgaituen tratua.

 

Emakumeok gure bizitzaren jabe gara, bizitzea merezi duen bizitzaren jabe.

 

Ezin dugu eta ez dugu nahi bukatu Nora gogora ekarri gabe; lau urte baino gehiago baitarama desagertuta. Non dago Nora?

 

Gure askatasuna borrokatuz … BORROKA FEMINISTA!

 

Bukatzeko, Gasteizen, Martxoaren 8an, 12:30ean San Anton Plazatik hasiko den manifestaziora luzatzen dizuegu deialdia.

 

Egilea: Martxoak 8 Gasteizko Plataforma Feminista

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide